Ekonomia -
KONTSUMORAKO PREZIOEN INDIZEA
% 2,7raino hazi da KPIa abuztuan EAEn eta % 2,8raino Nafarroan
Azken bi hilabeteetako joerari eutsita, gora egin du berriro Kontsumorako Prezioen Indizeak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Urte arteko inflazio tasa % 2,7raino hazi zen abuztuan Euskal Autonomia Erkidegoan, elikagaien prezioen igoerak bultzatuta (% 10) batez ere. Uztaileko datuekin alderatuta, % 0,5 egin zuten gora prezioek.
Estatistika Institutu Nazionalak gaur, asteartearekin, argitaratutako datuen arabera, urte arteko tasa uztailean baino hamarren bat gorago zegoen abuztuan (% 2,6tik % 2,7ra igo zen).
Gipuzkoak izan zuen, hain zuzen ere, igoera handiena (% 2,9), ondoren Bizkaiak (% 2,8) eta azkenik Arabak (% 2,2).
Sektoreak kontuan izanda, Etxebizitzan izan zuten prezioek beherakada nabarmenena (% 19,7). Gorako joera, baina, denean nabarmendu zen, Elikagaietan eta alkoholik gabeko edarietan (% 10), bereziki.
Aisialdia eta kultura ere garestitu ziren (% 7,8), baita alkoholdun edariak eta tabakoa (% 6,7), Hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (% 6,7), Etxeko hornidura (% 5,4) eta Komunikazioak (% 4,4) ere.
Igoera hain nabarmena izan ez bazuten ere, Botiken (% 2,6), Jantzien eta oinetakoen (% 2,3) eta Hezkuntzaren eta Garraioaren (% 1,9 biek) prezioek ere gora egin zuten.
Estatuko datuei dagokienez, abuztuan % 2,6raino igo zen inflazioa, uztailean baino hiru hamarren gehiago. Gehien bat, erregaien garestitzeak eragin zuten igoera.
KPIa % 2,8raino igo da Nafarroan
Urte arteko inflazio tasa % 2,8an kokatu zen abuztuan Nafarroan.
Garraioan izan zuten prezioek gorakada handiena (% 3), baina Aisialdiak eta kulturak ere igarri zuten igoera (% 0,9). Aldiz, Hoteletan, kafetegietan eta jatetxeetan behera egin zuten prezioek (% -1,1), baita Alkoholdun edarietan eta tabakoan ere (% -0,4).