Krisi Ekonomikoa -
Murrizketak osasungintzan
Osakidetzako langileak konpentsatzeko eskatu dio SATSEk lehendakariari
SATSE sindikatuaren ustez, erizaintzako eta beste osasun arloetako langileek “beren eskubideen eta soldataren zati garrantzitsu bat galdu dute 2009 urtetik hona”.
Erredakzioa
SATSE Euskadi erizaintza sindikatuak Osakidetzako langileei ezarriko dizkieten “murrizketen aurka publikoki agertzeko” eskatu dio lehendakariari, “eta ezartzera behartuta egonez gero horiek orekatzeko neurriak hartzeko”.
Komunikatu baten bitartez, SATSEk Eusko Jaurlaritzaren “hipokrisia” kritikatu du, “esfortzu larregi xahutu baitu murrizketen aurkako jarrera erakusten”. “Ez du lotsarik erdeinatutako klaseen pobrezia handitzea ekarriko duten neurriez baliatzeko orduan, horiek langileen baldintzak okerrera joatea erraztuko baitute”, gaineratu du.
Sindikatuaren ustez, erizaintzako eta beste osasun arloetako langileek “beren eskubideen eta soldataren zati garrantzitsu bat galdu dute 2009 urtetik hona, eta bitartean geroz eta paziente gehiagori egin behar diete aurre geroz eta egoera kaxkarragoetan”.
“Ez dira langileen bajak ezta oporraldiak betetzen, pertsonala murrizten dute eta geroz eta ohikoagoak dira urgentzia edo osasun-zentroetan gertatzen diren kolapsoak.
Konpromisoa
Guztiagatik, SATSEk “erakunde publikoen kargu dagoen langileriaren eskubideak gehiagotan ez murrizteko konpromisoa ager dezan” eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta legalki martxan jarri behar izanez gero, “osasun arloan iragarri duten koordainketaren antzeko formula orekatzaileak bilatzeko” galdatu dio.