Krisi Ekonomikoa -
Eurostateko uztaileko datuak
Langabezia eta inflazioa egonkor mantendu dira Europan
Euroguneko langabezia tasak % 11,2ri eutsi dio, eta Europar Batasuneko tasak, berriz, % 10,4ari. Aurreko hiru hilabeteekin alderatuta, inflazioak ere berdin jarraitzen du (% 2,4).
Erredakzioa
Langabeziak aurreko hileko datuei eutsi die, Eurostateko estatistikarako Europako bulegoak zabaldutako datuen arabera. Horrela, euroguneko langabezia-tasa % 11,2koa da, eta Europar Batasunekoa, berriz, % 10,4.
Gauzak horrela, bi zonaldeetan maiatzean izandako datu berdinak izan dira uztailean ere. 1995etik eta 2000tik izandako langabezia tasa altuenak izan ziren maiatzean.
Espainiako langabezia-tasak dezima bat egin du gora, eta, egun, % 24,8koa da. Europa mailan, langabezia-tasa altuena duen herrialdea da Espainia.
Eurostateko datuen arabera, euroguneak 17,8 milioi langabe ditu, eta Europar Batasunak, 25,1 milioi. Duela urtebete, euroguneko langabezia-tasa % 10ekoa zen, eta Europar Batasunean, ordea, % 9,5ekoa.
Langabezia-tasa altuena dutenak Espainia (% 24,8) eta Grezia (% 22,5) dira. Langabezia-tasa txikiena dutenak, ostera, Austria (% 4,5), Holanda (%5,1), Alemania eta Luxemburgo (biak, % 5,4) dira.
Aurreko urtearekin alderatuta, langabeziak behera egin du zazpi herrialdeetan, gora egin du 19 herrialdeetan eta egonkor mantendu du herrialde bakar batean, Suedian, alegia. Igoera nabarmenak Greziakoak, Espainiakoak eta Ziprekoak dira.
Inflazio egonkorra
Bestalde, euroguneko inflazioa egonkor mantendu da uztailean (% 2,4), maiatzean eta ekainean bezala. Halaber, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, uztailean urteko bataz besteko Espainiako inflazioa %2,2an kokatu da, aurreko hilabetearekin alderatuta, hiru dezima gehiago. Sendagaien prezioek bereziki bultzatu dute igoera hau.