Ekonomia -

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

Ondarearen zergarik gabe eta Espainiako araua aplikatuta, bilketa erdia litzateke Gipuzkoan Mendozaren arabera

Gipuzkoako ahaldun nagusiak emandako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 8.500 aitortzailek ordaintzen dute ondarearen gaineko zerga eta, batez beste, 70 milioi euroko ekarpena egiten dute urtero.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Euskadi Irratian
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Euskadi Irratian
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia Euskadi Irratian

play icon 26:10

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoan ondarearen gaineko zergarik ez balego eta Espainiako Gobernuak onartutako aberastasun handien gaineko zerga bere horretan aplikatuko balitz, foru ogasunaren diru bilketa oraingoaren erdia litzateke, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan eskaini duen elkarrizketan azaldu duenez, gaur egun Gipuzkoan 8.500 aitortzailek ordaintzen dute ondarearen gaineko zerga eta, batez beste, 70 milioi euroko ekarpena egiten dute urtero. Aitzitik, Espainiako araua bakarrik aplikatuz gero, 800 aitortzaile izango lirateke, eta bildutako dirua, erdia. Kopuruetan dagoen aldeari dagokionez, Mendozak esan du Gipuzkoan 700.000 eurorik aurrera zergapetzen dela eta Espainian, ostera, 3 milioi eurotik gora.

Aberastasuna handien gaineko zergaren inguruko eztabaidak indarra hartu du, izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek urtea amaitu arteko epea dute foru arauak Espainiako Gobernuak onartutako markoaren arabera egokitzeko. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, Espainiako aberastasun handien gaineko zerga Gipuzkoan indarrean dagoen ondare zergaren osagarri izango da. Beste era batera esanda, zergadunek ez dute bi aldiz ordaindu beharko, eta Gipuzkoako zerga egokitu egin beharko da. 

Hiru aldundiek ondarearen gaineko zergaren osagarri izango dena martxan jartzeko prozesua abiatu, eta argitaratu dute foru-arauaren aurreproiektua. Horren arabera, 3,2 milioi euro baino gehiagoko ondare garbia dutenei % 1,5eko tasa aplikatuko zaie. Hortik aurrera, 6,4 milioira arteko dirutza dutenei 48.000 euroko kuota eta % 1,75eko tasa aplikatuko zaie; 12,8 milioira artekoei, 160.000 euroko kuota eta % 2; eta 16 milioi eurora arteko dirutzei, 224.000 euroko kuota eta % 3,5eko tasa.

Mendozak adierazi duenez, abenduaren 31ra arteko epea dago foru-araua onartzeko, eta, aurrez, zuzenketak aurkezteko aukera izango da. Bizkaian ez bezala, Gipuzkoako eta Arabako foru gobernuek alderdiren baten babesa behar dute aurrera ateratzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogor kritikatu ditu EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU. eta datu zuzenak ez ematea leporatu die.

Bestalde, "hemen" erabakitzen diren zergak Espainian diseinatzen direnak baino "justuagoak" eta "progresiboagoak" direla nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskadi Irratia Gastu publikoa Gipuzkoako Foru Aldundia Eider Mendoza