Ekonomia -

Higiezinen merkatua

Etxebizitzen salerosketak % 15 jaitsi dira Euskadin, eta % 8 igo dira Nafarroan

1.755 etxebizitza salerosi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan abuztuan, abuztu bateko bosgarren daturik handiena serie historikoan. Antzinatasunari dagokionez, 262 operazio etxebizitza berriekin egin ziren, eta 1.493, erabilitako eraikinekin.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxebizitzen salerosketaren bilakaerak okerrera egin zuen Euskadin abuztuan, eta % 15,58 jaitsi zen transakzio kopurua aurreko urteko hilabete beraren aldean. Guztira 1.755 operazio, izan ziren abuztuan EAEn Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) argitaratutako datuen arabera. Aitzitik, etxebizitzen salerosketa % 8,73 igo zen Nafarroan abuztuan, 2022ko datuaren aldean.

Aurreko hilabetearekin alderatuz gero ere, salerosketa kopuruak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), % 4,77 jaitsi baita. Hala ere, 1.755 etxebizitzen salerosketa bosgarren daturik onena da abuztu batean, serie historikoan.

EAEn abuztuan egindako salerosketen artean, 1.579 merkatu libreko etxeen gainean egin ziren, eta 176 babes ofizialeko higiezinen gainean. Antzinatasunari dagokionez, 262 operazio etxebizitza berriei zegozkien, eta 1.493 erabilitako eraikinei.

Bestalde, Espainia mailan, etxebizitzen salerosketak % 14,4ko beherakada izan zuen abuztuan, urte arteko tasari begiratuta, 2021eko urtarriletik izandako beherakadarik handiena, eta zazpi hilabete daramatza jarraian emaitza negatiboak pilatzen, interes-tasen igoerak eta, ondorioz, finantzaketa garestitzeak markatutako testuinguruan.

Hala ere, aurreko hilarekin (uztaila) alderatuta, Espainiako Estatuan etxebizitzen salerosketa % 2 igo da.

Horrela, aurten salerosketek % 6,5eko jaitsiera pilatu dute, Estatistikako Institutu Nazionalak gaur argitaratutako datuen arabera.

Abuztuan, bigarren eskuko etxeen salerosketak izan ziren gehienak, ia % 81; baina beheranzko joerarekin jarraitu zuten, eta % 15,9ko jaitsiera izan zuten 2022ko hilabete berarekin alderatuta, 39.827 operazio zenbatu baitziren.

Era berean, etxebizitza berrien salerosketak % 7,3 murriztu ziren, 9.425 transakzioetaraino.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Merkataritza Etxebizitza