Ekonomia -
Hainbat milioi euro
Bi atxilotu, Bizkaiko enpresa bati txatarrarekin iruzurra egiteagatik
Nervacero altzairua ekoizten duen enpresako langileak dira atxilotuak. Ustez, hainbat milioi euroko iruzurra egin diote enpresari, txatar horniketan.
Erredakzioa
Guardia Zibilak bi lagun atxilotu ditu, altzairua ekoizten duen Nervacero Bizkaiko enpresari ustez hainbat milioi euroko iruzurra egiteagatik. Guardia Zibilak jakitera eman duenez, bertako bi langile dira atxilotuak, eta txatarraren horniketan egin diote iruzurra enpresari, ustez.
Otsailean, salaketa jarri zuen enpresak, altzairua ekoizteko erabiltzen diren material batzuen eta txatarraren eta beraren klasifikazioan irregulartasunak sumatu ondoren. Arduradunek salatu zutenez, enpresako langileren bat omen zen irregulartasun horien erantzulea.
Ikerketaren arabera, atxilotutako langileak, hainbat hornitzailerekin elkarlanean, txatarraren harreran iruzurra egiten ari omen ziren, benetako kalitate maila ezkutatuz.
Halaber, enpresak stockean zuen materialarekin ere operazioak egiten omen zituzten, iruzurra ezkutatu eta enpresari, ustez, kalte eginaz.
Operazioan, 839.000 euro esku-dirutan, segurtasun kutxak, 150.000 euro biltzen dituzten banku kontuak, 5 etxebizitza (txalet bat eta duplex bat tartean), 9 garaje eta trasteleku eta gama altuko zenbait ibilgailu atzeman ditu Guardi Zibilak.