Ekonomia -
Turismoa
Orain badaude tasa turistikoa ezartzearen "eztabaidari heltzeko baldintzak", Jaurlaritzaren ustez
Egonaldi turistikoei tasa ezartzeari atea ireki dio Javier Hurtado Turismo sailburuak, baina erabakia "adostasunez" hartu behar dela nabarmenduta. Afera hori aztertzeko lan batzordea gaur osatu da Legebiltzarrean.
EITB Media
Orain arte ez bezala, egun Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) tasa turistikoa ezartzearen "eztabaidari heltzeko baldintza egokiak" egon badaudela uste du Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Izan ere, pandemia igarota, "Euskadiren lidergo turistikoa susperraldian" dagoela iritzi dio. Dena dela, horren inguruko edozein erabaki "zorroztasunez eta adostasunez" hartu behar dela azpimarratu du.
Hain justu, tasa horren egokitasuna aztertzeko lan batzordea gaur osatu dute Eusko Legebiltzarrean, eta lehen bilera horren buru izan da Hurtado. Sailburuak azaldu duenez, erakundeen, sektore turistikoaren eta adituen "eztabaidagune" bihurtu nahi dute batzordea, datorren legegintzaldirako gaiari buruzko proiektu bat aurrera eraman ahal izateko.
Hurtadoren hitzetan, tankera honetako ekimenek "adostasuna" izan behar dute oinarri, eta "Gernikako Estatutua eta Ekonomia Ituna errespetatu" behar dituzte.
Batzordea honakoek osatzen dute: Euko Jaurlaritzako Turismo eta Ekonomia eta Ogasun sailetako ordezkariak, hiru aldundietakoak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako kideak, Eudelekoak, turismo sektoreko elkarteak (Bizkaiko Ostalaritza, Gipuzkoako Ostalaritza, Destino Bilbao, Euskadiko Kanpin Elkartea, Nekatur eta Aparture), eta SEA eta Adegi patronalak.
Lantaldeak Kataluniako eta Balear Uharteetako esperientziak aztertuko ditu, baita Europako beste toki batzuetakoak ere. Sektoreak esateko duena ere kontuan hartuko da, eta tokian tokiko eta lurralde mailako erakundeen iritzia ere bai.