Ekonomia -
Banketxeak
Ia 6.000 milioi euroko irabaziak izan ditu BBVAk irailera arte, iazko tarte berean baino % 24 gehiago
Sekulako etekinak lortu ditu BBVAk 2023an, bankuei Espainiak ezarritako aparteko zergaren bidez 215 milioi euro ordaindu behar izan baditu ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
BBVA taldeak 5.961 milioi euroko irabazi garbiekin itxi ditu 2023ko lehen bederatzi hilabeteak. Horrek esan nahi du etekina iazko lehen hiru hiruhilekoetan baino % 24,3 handiagoa izan dela aurten, banketxeak berak gaur ezagutarazitako emaitzen arabera.
Inflazioaren eragina bazter utzita, are handiagoak izan dira irabaziak; % 37,9koak, BBVAk zehaztu duenez. Sekulako mozkinak lortu ditu, beraz, 2023an, bankuei Espainiak ezarritako aparteko zergaren bidez 215 milioi euro ordaindu behar izan baditu ere.
"Urteko lehen bederatzi hilabeteetan emaitza bikainak izan ditugu, diru-sarrera errepikarien garapen positiboari esker. Europako banku efiziente eta errentagarrienen artean gaude. Hain zuzen ere, % 17ra iritsi da gure errentagarritasuna. Emaitza horiekin, gure interes taldeentzako baloreak sortzen jarrai dezakegu, gizartearen garapenean lagunduz", esan du BBVAren kontseilari delegatu Onur Gençek.
Urtarrila eta iraila bitartean, 22.104 milioi euroko diru-sarrerak eduki ditu BBVAk, iaz denbora tarte berean izandakoak baino % 21,1 handiagoak.