Ekonomia -

Gobernu berria

Defizita % 3ra jaistea izango da Sanchezen Gobernuaren erronka nagusia

Europak kontu publiko orekatuak eta defizit kontrolatua eskatzen ditu. Nazioarteko Diru Funtsak, Lankidetza eta Garapen Ekonomikorako Erakundeak eta Espainiako Bankuak egin dituzte gomendioak: inflazioaren kontrako neurriak etetea eta fiskalitatean eta pentsioetan egiturazko erreformak egitea.

Defizita jaistea du erronka nagusi Estatuko Gobernuak. Irudia: EITB Media
Defizita jaistea du erronka nagusi Estatuko Gobernuak. Irudia: EITB Media
Defizita jaistea du erronka nagusi Estatuko Gobernuak. Irudia: EITB Media

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiak % 4,73ko defizitarekin amaitu zuen 2022 urtea eta, adituen kalkuluen arabera, 2023an % 3,8ra hurbilduko da. Hala ere, 2024an Europar Batasunak berriro aplikatuko ditu pandemiaren ondorioz bertan behera geratu ziren arauak. Europako Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunak kontu publiko orekatua eta BPGaren % 3tik beherako defizita eskatzen dizkie herrialde kideei. Hori izango da alderdi aurrerakoi eta abertzaleen babesarekin inbestitu berri duten Pedro Sanchezek gidatuko duen Gobernu berriaren erronka hurrengo urtean.

Jarduneko Gobernuak urriaren 15ean Bruselara bidali zuen 2024ko Aurrekontu Planean plazaratutako kalkuluen arabera, helburua lortuko du 2024an, hazkunde ekonomikoari (2023an % 2,4koa eta 2024an % 2koa izango dela aurreikusten du), langabeziaren murrizketari (% 10,9koa izango da indizea, aurreikuspenen arabera), gastu publikoaren kontrolari, diru-sarreren hazkundeari eta lan-merkatuaren dinamismoari esker.

Munduko eta estatuko erakunde ekonomikoek ordea, tartean Nazioarteko Diru Funtsak, beste zifra batzuk dituzte esku artean, eta % 3 horretara iristeko gomendioak egiten hasi dira. Inflazioaren aurkako neurriak kentzeaz hitz egin dute, eta fiskalitatean eta pentsioetan erreformak egiten hasteko eskariak zabaltzen hasi dira.

Inflazioaren aurkako neurriak

Nazioarteko Diru Funtsa (NDF), Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea (ELGA), Espainiako Bankua, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea (AIReF, gaztelaniaz) eta Europako Batzordea bat datoz pandemiaren eta Ukrainako gerraren krisiei erantzunez ezarri ziren eta abenduaren 31 arte indarrean egongo diren inflazioa arintzeko neurriak atzera botatzeko unea iritsi dela.

2023ko abenduaren 31 arte indarrean dauden inflazioaren kontrako neurriak. Irudia: EITB Media

Neurri horiek bertan behera uzteak 3.800 milioi inguru aurreztea ekarriko luke (BPGaren % 0,4). Horietako gehienak indargabetzea aurreikusi zuen jarduneko Gobernuak 2024ko Aurrekontu Planean, baina, inbestidura eztabaidan egin zuen hitzaldian, horietako batzuk indarrean mantenduko dituela iragarri zuen Pedro Sanchezek.

Besteak beste, elikagaien BEZ murriztuta eutsiko diola jakinarazi zuen. Honela bada, oinarrizko elikagaien (ogia, esnea, arrautzak, frutak eta barazkiak) BEZa 2024ko ekainera arte egongo da % 0an. Oliba olioaren eta pastaren zerga, berriz, % 5ean mantenduko da.

Bestalde, ziurtatu zuen urtarrilaren 1etik aurrera, garraio publikoa doakoa izango dela adin txikikoentzat, gazteentzat eta langabeentzat. Inbestiduran agindu zituen beste neurri batzuen artean, alokairurako gazte-bonua hobetzea, lehen etxea erosteko laguntzak ematea eta kultura-bonua mantentzea daude.

AIReFek eta Espainiako Bankuak esana zuten dagoeneko, Gobernuak inflazioaren aurkako laguntzak mantentzea edo berriz ezartzea erabakiko balu, neurri horiek askoz ere "fokalizatuagoak" egon beharko luketela; alegia, beharra duten enpresa eta familiei zuzenduta soilik egotea gomendatzen dute.

Pentsioak eta fiskalitatea

Inflazioaren aurkako neurriak kentzea erabaki izan balute ere, erabaki hori ez zatekeen nahikoa izango erakunde ekonomikoen aburuz, ez liratekeelako aurreztuko EBtik eskatzen diren 13.000 milioi inguru horiek. Hori dela eta, zergetan erreformak egitea eta pentsioen sistema ukitzea beharrekoa izango dela dioten ahotsak ugaritzen hasi dira.

Pablo Hernandez Del Cos Espainiako Bankuko gobernadoreak, esate baterako, "zerga politika murriztailea" eskatu dio Gobernuari, eta gaineratu du "mailakatua" izan beharko dela eta "hainbat urte" hartu beharko dituela.

Bestetik, ELGAk urriaren 25ean argitaratutako Espainiako Panorama Ekonomikoa txostenean adierazi duenez, "badago tartea BEZa eta ingurumenarekin lotutako zergak handitzeko". Era berean, azpimarratu du Espainiak gastu handia izango duela pentsioetan eta herritarren zahartzean 2040ko hamarkadaren amaierara arte. Hortaz, "orekatzeko neurriak hartzea" gomendatu dio Gobernuari, eta zehaztu du "erretiratzeko legezko adina bizi-itxaropenarekin lotu" beharko litzatekeela eta "pentsioen sortzapen-tasak murriztu" daitezkeela.

Alfred Kammer Nazioarteko Diru Funtsaren Europarako arduradunak ere gai honi heldu zion urrian Marrakexen egin zuten goi-bileran. Haren arabera, "zergen sistema sendotzeak lehentasuna izan behar du Espainiako Gobernuarentzat". Bien bitartean, Laura Papi erakundeko laguntzaileak zehaztu zuen beste neurri posible bat "BEZarekin lotutako kenkariak murriztea" izan daitekeela. Horrez gainera, "pentsioen aldean erreformaren baten beharra" ere ikusi zuen.

Defizita larrialdi egoeretan erabili beharreko tresna gisa ikusten du Ander Iparragirre ekonomilari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak, eta hazkunde ekonomikoa izaten ari garen garai honetan jaitsi beharra dagoela uste du. % 3ko helburu ez lortzeak konfiantza falta sor dezake merkatuetan, bere aburuz, eta epe ertainera kaltegarria izan daitekeela ekonomiarentzat.

Nola murriztuko du datorren urteko defizita Sanchezen Gobernuak?
Nola murriztuko du datorren urteko defizita Sanchezen Gobernuak?
Nola murriztuko du datorren urteko defizita Sanchezen Gobernuak?

1:04

Ondorioak

Entitate ekonomikoek proposatzen dituzten erreformek eragina izan dezakete herritarren poltsikoetan, baina defizita ez murrizteak ere ondorioak izan ditzake Gobernuarentzat. Ander Iparraguirre ekonomialari eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, defizita kontrolpean edukitzeak kontu publikoek osasun ona dutela adierazten du eta horrek konfiantza ematen die finantza-merkatuei zor publikoa jaulkitzeko garaian. Merkatuek konfiantza hori galtzen badute, zorraren kostua askoz handiagoa izan daiteke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez bideoak Ekonomia albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Aurrekontu Orokorren azken ordukoa BPGd Espainia