Ekonomia -
Legebiltzarrean onartuta
Sarearen zati bat saldu ahal izango dio Jaurlaritzak Euskalteli
Legebiltzarrak operazioa babestu du, EAJren, PSEren eta PPren aldeko eta EAren eta Aralarren kontrako botoekin.
Erredakzioa
Euskaltelek Jaurlaritzaren telekomunikazioetarako sarearen zati bat erosteko, Jaurlaritzaren batzarrak onartu zuen operazioa berretsi du Legebiltzarrak, EAk eta Aralarrek helegiteak aurkeztu ostean. 68 milioi euroko operazioa izango da.
Legebiltzarreko Ekonomia eta Ogasun Batzordeak ez ohiko bilera bat egin du gaur auzi honen inguruan eztabaidatzeko. EAJk, PSE-EEk eta PPk ekimena babestu dute, EAk eta Aralarrek, ordea, aurka bozkatu dute.
Egun Euskaltelek alokairuan du erabiltzen duen telekomunikazioen sarea. Operazio honekin Euskaltelek eskubideak eta ondasunak eskuratuko ditu. 68 milioi euro ordaindu beharko ditu eta trukean, Jaurlaritzak "balio bereko" Euskaltelen akzio sorta bat eskuratuko du.
Hala ere, bigarren operazio batekin lotuta dago eta Jaurlaritzak, gero, saldu egin beharko ditu akzioak. Jaurlaritzak enpresaren % 7,45 du gaur egun eta operazioaren bigarren zatiarekin, gehienez % 5 edukitzea da helburua.
Bi operazioak lotuta daude, hau da, bigarren zatia betetzen ez bada, lehenengoa baliorik gabe geldituko lirateke.