Ekonomia -
KPI
Prezioak lau hamarren jaitsi dira EAEn uztailean
KPI % 1,9an kokatu da EAEn. Espainia osoan, ordea, % 2,2ra igo da botiken prezioaren igoera dela eta.
Erredakzioa
Uztailean batez beste lau hamarren jaitsi da KPI indizea EAEn, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. % 0,7 Araban, % 0,4 Bizkaian eta % 0,3 Gipuzkoan. Nafarroan, ordea, % 0,2 igo da. Espainia osoa kontutan hartuta, KPI indizea % 2,2an dago, batik bat botiken prezioaren igoera dela eta.
Aurreko hilabetearekin alderatuta, KPI % 0,4 jaitsi da EAEn, Espainia osoan baino bi hamarren gehiago, Estatistika Institutuak argitaratu duenaren arabera.
Bilakaera honekin, urteko tasa % 1,9an dago; Espainia osoan, ordea, % 2,2an.
Ekainarekin alderatuta, EAEn gehien igo diren sektoreak aisia eta kultura ( %2,8), etxebizitza (%1,4) eta garraioak (%1,2) izan dira. Jaitsiera handienak, ordea, arroparen (% 11,8 gutxiago) eta komunikazioen (% 1,8) sektoreak izan dira.
Botiken prezioaren igoeraren eragina
Espainian, oro har, kontsumoko prezioen indizea (KPI) bi hamarren jaitsi da uztailean aurreko hilarekin alderatuta eta urte arteko inflazioa % 2,2ra iritsi da, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu dituen datuen arabera.
Hirugarren hilabetez jarraian behera egin du indizeak, izan ere, maiatzean eta ekainean behera egin zuen, hamarren bat eta bi hamarren hurrenez hurren. Apirilean, ordea, % 1,4 egin zuen gora, azken bost urteetako gorakadarik handiena.
Aurreko urtearekin alderatuta KPI hiru hamarren igo da, botiken prezioaren igoera dela eta (% 6,6 garestiago).
Garraioak ere urtez urteko datuetan bederatzi hamarren egin du gora, % 3,8raino, batik bat erregaiaren garestitzea dela eta.
Halaber, etxebizitza % 5,4ra iritsi da, aurreko hilabetean baino lau hamarren gehiago, elektrizitatearen prezioaren igoeragatik.
Jaitsiren artean, alkoholik gabeko edariak eta elikagaiak aipatu behar dira, lau hamarren jaitsi baitira urteko tasa kontuan hartuta. Edari alkoholdunak eta tabakoa bi hamarren jaitsi dira, % 9,5eraino, aurreko hilarekin alderatuta.