Krisi Ekonomikoa -
Valentziako telebista publikoa
PPk RTVVren lan erregulazioko espedientea onartu du, protesta artean
Espedienteak 1.198 langileri eragingo die. Langileek arrautzak jaurti dizkiete Gobernuko kontseilariei.
Erredakzioa
Valentziako irrati-telebista publikoko (RTVV) administrazio kontseiluak 1.198 langileri eragingo dien lan erregulazioko espedientea onartu du, protesta artean, PPren botoei esker, eta oposizioaren kontrako botoekin.
RTVVren zuzendari nagusiak eta administrazio kontseiluan dauden PPko sei ordezkariek hiru autotan utzi dute egoitza, eta kanpoaldean zeuden RTVVko langileek arrautzak jaurti dizkiete.
Erakunde publikoak agiri batean azaldu duenez, lan erregulazioko espedienteak 480ra murriztu nahi du langile kopurua, eta gaur aurkeztuko dute Lan Zuzendaritza Nagusian.
RTVV talde osoa berregituratzeko plan baten barruan kokatzen da espedientea, eta 40-42 bat milioi euro aurreztea du helburu.
Irailean hasiko dira kaleratzeak, eta 2013ko abuztuaren 31 arte ez da prozesua amaituko.