Ekonomia -

INE-ren datuak

EAEk eta Nafarroak dituzte gizarte bazterketa arriskuan Estatuko tasarik baxuenak

2023ko Bizi Baldintzen Inkestaren arabera, EAEn herritarren % 15,5 daude egoera horretan, Nafarroan hortik apur bat gorago (% 17,2). EAEk datuak pitin bat hobetu ditu, baina Foru Erkidegoan hiru puntu hazi da tasa.

Gizarte bazterketa pairatzeko arriskua Estatuko txikiena da Hego Euskal Herrian. Argazkia: EFE
Jendea Bilbon
Gizarte bazterketa pairatzeko arriskua Estatuko txikiena da Hego Euskal Herrian. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) herritarren % 15,5 zeuden iaz gizarte bazterketa arriskuan, aurreko urteko datuak apur bat hobetuta ( % 15,7koa zen). Nafarroari dagokionez, apur bat gorago zegoen tasa hori (gazteleraz AROPE deitutakoa), % 17,2koa. Kasu honetan, ordea, bilakaera ezkorra izan du portzentajeak, hiru puntu igo baita (% 14,5 zegoen 2022an). 

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur kaleratu ditu Bizi Baldintzen Inkestaren 2023ko datuak. Horien arabera, Hego Euskal Herrian daude gizarte bazterketa arriskuaren tasarik baxuenak, Espainiako Estatuko batez bestekotik nahiko urrun ( % 26,5 da han).  

Pobrezia arriskuari dagokionez, EAEko biztanleriaren % 10,2 dago egoera horretan; Nafarroan % 13,8ri eragiten dio. Kasu honetan ere, datuak hobetu ditu EAEk (2022an % 12,2koa zen tasa). Nafarroan, aldiz, okerrera egin dute, hiru puntu igo baita egoera horretan daudenen kopurua (% 10,9koa zen 2022an). EAE da, beste behin, Estatuko tasa baxuena duena; Foru Erkidegoa hirugarren da, Madrilen ostetik. Espainiako Estatuan bost herritarretik bat dago pobrezian erortzeko arriskuan. 

Badira datu gehiago, azken urteetan bilakaera ezberdina izan dutenak. EAEko familien % 5,6k zailtasun handiak dituzte hilabete amaierara heltzeko (2022an % 4,1 ziren). Ifrentzuan, Nafarroak hobera egin du datuak: % 6,6 ziren 2022an, eta % 5,7 dira orain. 

Ustekabeko gastuei aurre egin ezin dieten familien kopurua hazi egin da Hego Euskal Herrian. EAEn puntu pasatxo igo da (% 20,4tik % 21,4ra), eta Nafarroan, sei (% 20,1 ziren 2022an, % 26,1 2023an). Urtean astebetez oporretan joan ezin direnen portzentajea ere igo egin da: % 18,8 EAEn eta % 22,6, Nafarroan. 

Dena dela, Hego Euskal Herriko bizi baldintzok Espainiako Estatukoak baino hobeak dira. Izan ere, Espainiako herritarren herenak ezin du oporretan joan, 10tik ia 4k ez dute ustekabeko gastuak ordaindu, eta ia % 10ek hilabete amaierara heltzeko zailtasun handiak ditu. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak