Ekonomia -

AURREIKUSPEN EKONOMIKOAK

Euskal industriako 16 sektoreek jarduera mantendu edo hobetuko dutela aurreikusten dute datozen hilabeteetan

Orokorrean, eskarien zorroa mantendu edo apur bat hobetzea espero dute, eta fakturazioarekin lotutako aurreikuspenak ere positiboak dira.

Industria Abagunearen Behatokian gaur bildu diren euskal klusterrak. Argazkia: Irekia
Industria Abagunearen Behatokian gaur bildu diren euskal klusterrak
Industria Abagunearen Behatokian gaur bildu diren euskal klusterrak. Argazkia: Irekia

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Industria Abagunearen Behatokiaren bildu diren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 16 kluster erakundeek aurreikuspen ekonomiko positiboak agertu dituzte urtearen lehen zatirako. Zehazki, beraien jarduera mantentzea edo apur bat hobetzea aurreikusten dute.

Gaurko bileran, Eusko Jaurlaritzako arduradunez gain, EAEko 16 klusterren erakunde dinamizatzaileetako arduradunak izan dira: aeronautika; elikadura; automobilgintza; bio-osasuna; eraikuntza; energia; trengintza; galdaketa eta forjaketa; habitata, egurra, bulegoa eta contract; itsas industriak; ingurumena; papera; siderurgia; fabrikazio-teknologia aurreratuak; EIKTak; garraioa, mugikortasuna eta logistika.

Sei hilean behin biltzen dira EAEko industriako 16 sektoreak, eta eskariekin, fakturazioarekin, esportazioarekin, enpleguarekin eta I+G+b arloko inbertsioarekin lotutako adierazle nagusiak aztertzen dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, EAEko industriaren eskarien zorroa mantendu edo apur bat hobetu da. Hala, 9 klusterrek eskarien zorroa handituko zaiela aurreikusten dute, eta bakar batek aurreikusten du behera egingo duela (gainerakoek mantentzea espero dute).

Fakturazioarekin lotutako aurreikuspenak ere positiboak dira: 8 klusterrek haztea aurreikusten dute, 7k mantentzea eta bakar batek espero du behera egitea. Etorkizun laburrean, berriz, egoera geopolitikoak eta kostuen inpaktuak kezka eragiten dute.

Esportazioei dagokienez, datorren seihilekoan kanpo-merkataritza mantentzea (8) edo hobetzea (7) aurreikusten dute klusterrek; bakar batek espero du behera egitea. 2023a, oro har, positiboa izan zen. Hala, egoerak hobera egitea edo egonkor mantentzea espero da, aurrean erronka geopolitikoak edo ekonomikoak izan arren.

Enpleguaren gaineko aurreikuspenek baikorrak izaten jarraitzen dute. Azken seihilekoan, 7 klusterretan apur bat hobetu da, eta 9tan mantendu egin da; 2024a zifra berdinekin hasi da. Bestalde, zailtasunak dituzte langile kualifikatuak eta profil teknologikoak topatzeko eta mantentzeko.

I+G+b arloak gora egiten jarraituko du. Izan ere, 8 klusterrek arlo horretan haztea espero dute, eta beste 8ek mantentzea. Inork ez du aurreikusten ikerketa, garapen eta berrikuntza arloko inbertsioa murrizterik. Deskarbonizazioa, digitalizazioa eta aurreratuago dauden nitxo berrietara egokitzea dira proiektu berritzaileetako asko ardazten dituzten lerroak.

Azkenik, industria kezkatuta agertu da sare elektrikoek hidrogenoak, datuek, berriztagarriek edo deskarbonizazioak behar dituzten kontsumoei erantzuna emateko behar den potentzia-igoera dela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE gaur Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industria