Ekonomia -

AURREZKIARI BURUZKO INKESTA

Gora egin du Euskadin profil kontserbadorea duten aurreztaileen kopuruak

Pertsonen % 52k modu kontserbadorean aurrezten du, hamarretik ia lauk modu moderatuan, eta % 9 dinamikoa da. Inflazioak eragin erabakigarria izan du aurrezteko gaitasunean, eta, batez ere, aurrezten dugu ezustekoak estaltzeko.

Inverco Behatokiaren Aurrezkiaren VIII. Barometroaren ondorioak. Argazkia: Pixabay.
Inverco Behatokiaren Aurrezkiaren VIII. Barometroaren ondorioak. Argazkia: Pixabay.
Inverco Behatokiaren Aurrezkiaren VIII. Barometroaren ondorioak. Argazkia: Pixabay.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko aurreztaile gehienek (% 52) profil kontserbadorea dute, 2021ean baino bost puntu gehiago, hamarretik ia lau moderatuak dira eta % 9 dinamikoa da, duela bi urte baino ia bikoitza, Front Query enpresak egindako EAErako Inverco Behatokiaren Aurrezkiaren VIII. Barometroaren ondorioen arabera.

Belaunaldien arabera, profil kontserbadorea duten aurreztaileen portzentajea % 50etik gorakoa da adin-tarte guztietan, gazteenen artean izan ezik (Centennials), % 36koa baita.

Ikerketaren arabera, inflazioaren testuingurua baldintzatzailea izan da euskal aurreztaile gehienen aurrezteko gaitasunerako. Zehazki, erdiak baino gehiagok (% 53) aurrezteko ahalmen txikiagoa du prezioen igoeragatik, eta % 14ri, berriz, inbertsio-zorroaren osaera aldatzera behartu du. Silent Generation delakoaren kasuan, aurrezteko gaitasuna murriztu zaien aurreztaileen portzentajea % 60 ingurukoa da.

Egoera horretan, tasen igoerak eragin negatiboa izan du EAEko aurreztaileen % 28rengan, haien maileguen (batez ere hipoteka-maileguen) kuotan igoeraren bat izan dutelako, eta zifra hori % 50era igotzen da X belaunaldiaren kasuan.

Aitzitik, % 12ri modu positiboan eragin dio inbertitzen duen produktuen ordainsaria hobetzeak (% 36raino Centennialsen kasuan).

Zertarako eta nola aurrezten dugu?

Ustekabeak estaltzea da aurrezteko lehen arrazoia euskal aurreztaileen artean (% 36), helburu jakinik gabeko kapitala handitzearen aurretik (% 30). Euskadiko aurreztaileen % 21ek erretirorako aurreztea lehenesten du, 2021ean baino bi puntu gehiago.

Euskadiko aurrezkiak bideratzen dituzten produktu nagusiak gordailuak (% 87), pentsio-planak (% 72) eta inbertsio-funtsak (% 48) dira, duela bi urte baino bederatzi puntu gehiago.

Centennialsen % 61ek inbertsio-funtsen bidez aurrezten du, eta % 45ek millennialsen kasuan. X belaunaldia eta Baby Boomers dira pentsio-planen kontratazio-portzentaje handiena dutenak ( % 83 eta % 79, hurrenez hurren).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak