Krisi Ekonomikoa -
Likidezia faltagatik
Frantziak higiezinen maileguak ematen dituen bankua erreskatatu du
Estatuak Claude Sadoun bankuko presidentearen dimisioa exijitu eta beste bat izendatu du, Bernard Sevez. Gainera, bankuak egiten dituen operazio guztiak ikuskatuko ditu.
Erredakzioa
Crédit Immobilier de France (CIF) higiezinen maileguen bankua erreskatatu egingo duela iragarri du Frantziako Gobernuak. Bankuak likidezia arazoak zituen zenbait kalifikazio agentziak nota jaitsi ziotenetik.
Pierre Moscovici Ekonomia ministroak komunikatua atera du Estatuaren laguntzaren berri emateko. CIFek 300 agentzia ditu Frantzia osoan eta 30.000 milioi euro mailegutan.
Ministroak azaldu duenez, duela hilabete batzuk Gobernuak kide bat aurkitzeko eskatu zien CIFeko arduradunei, lidezia arazoak saihesteko. Baina inork ez zuen nahi CIFen kide izan.
Moody's agentziak bankuaren nota hiru maila jaitsi zuenetik, mailegu-emaileek maileguak itzultzea eskatzeko aukera zuten, bakuaren likidezia arazoak areagotuz.
Presidentearen dimisioa
Egoera ikusita, bankuak Estatuaren esku-hartzea eskatu zuen. Esku-hartze horren truke, estatuak Claude Sadoun bankuko presidentearen dimisioa exijitu eta beste bat izendatu du, Bernard Sevez. Gainera, bankuak egiten dituen operazio guztiak ikuskatuko ditu.
Zuzendaritza berriak salbamendurako plana aurkeztu beharko du eta Frantziako Parlamentuaren eta Europako Batzordearen bermea lortu.
Le Figaro egunkariaren arabera, bankuak aktibo garrantzitsu eta onak ditu, eta baliteke eherritarrek rreskatea ordaindu behar ez izatea.