Ekonomia -
Bilboko aerodromoa
Loiuko aireportua "handituko" duela iragarri du Aenak
Konpainiako presidente eta kontseilari delegatu Maurici Lucenak aurreratu duenez, Aena "oso serio ari da prestatzen" aire-trafikoaren igoera, inbertsioak "nabarmen aregotuta".
Agentziak | EITB Media
Maurici Lucena Aenako presidente eta kontseilari delegatuak gaur iragarri duenez, Loiuko aireportua "handituko" dute, Espainiako Aireportuak Arautzeko Dokumentuan (DORA 2027-2031) jasotako inbertsioen barruan.
Hala adierazi du gaur Madrilen egin den Akziodunen Batzarrean, eta aurreratu du Aena "oso modu serioan prestatzen" ari dela aire-trafikoaren igoera, inbertsioak "nabarmen areagotuta".
III. DORA honetan, Aenako presidenteak "Malaga, Alacant-Elx, Valentzia, Eivissa, Menorca, Bilbo, Santander eta Melillaren etorkizuneko hedapen proiektuak" hizpide izan ditu, baita Madril-Barajas, Tenerife Hegoaldea eta Iparraldea eta Lanzarote handitzeak eta Josep Tarradellas Bartzelona-El Prat aireportuaren T1 birmoldatzea ere.
Bestalde, Lucenak ohartarazi du aireportu-tarifak "zentzugabeki" beherantz bultzatzen badira, horrek epe luzera "aireportuen funtzionamendu txarra" eta aireportu-sistemaren "jasangarritasun ekonomikorik eza" eragingo dituela.
Lucenak azaldu duenez, konpainiaren erregulazio ekonomikoaren "gakoa aireportu-tarifak dira"; horregatik, "inkongruentzia" iritzi dio inbertsioak "nabarmen" handitzeko eskatzeari, eta, bestalde, aireportu-tarifak "etengabe, mugarik gabe" jaisteari, aireportuak handitzea finantzatzen baitute.