Krisi Ekonomikoa -
Ministroen Kontseilua
Suteek kaltetutako tokietan laguntzera dei ditzakete langabeak
Suteek eragindako kalteei aurre egiteko larrialdi neurriak onartu ditu Ministroen Kontseiluak. Alokairurako, kalteak konpontzeko eta etxebizitzak berriz eraikitzeko laguntzak eskainiko dituzte.
Erredakzioa
Suteek eta beste hondamendi naturalek eragindako kalteei aurre egiteko larrialdi neurriak biltzen dituen Errege Lege Dekretua onartu du ostiral honetan Ministroen Kontseiluak. Bertan jasotzen denez, suteek kaltetutako tokietan laguntzera joateko dei ditzakete langabezian dauden pertsonak.
Hala iragarri du Soraya Saez de Santamaria Gobernuko presidenteordeak, Ministroen Kontseiluaren ondoren egin duen prentsaurrekoan. Suteen ondorioz, hainbat erkidegorentzat uda ''oso gogora eta zaila'' izan dela gogoratu du presidenteordeak. Izan ere, orain arte, 181.000 hektarea inguru erre dira.
Errege Lege Dekretuaren arabera, erakundeek zein irabaz asmorik gabeko erakundeek diru-laguntzaren bat jasotzen ari diren langabeak dei ditzakete, erretako eremuen berreraiketan eta garbiketan laguntzeko.
Alokairurako, kalteak konpontzeko eta etxebizitzak berriz eraikitzeko laguntzak
Onartutako neurriak suteen ondorioz kalteak jasan dituzten pertsonei zuzendutako hainbat laguntza biltzen ditu, tartean alokairurako, kalteak konpontzeko eta etxebizitzak berriz eraikitzeko laguntzak.
Soraya Saez de Santamariak azaldu duenez, lege dekretuak ez die soilik orain arte piztutako suteek kaltetutako lagunei eragingo, eta azaroaren 1a arte piztu daitezkeenak ere kontuan izango dituzte.