Krisi Ekonomikoa -
Greziako krisia
Troikak ez du onartu Greziako Gobernuaren plana
Greziako Exekutiboak bi urtean 11.600 milioi euro aurrezteko plana egin behar du, erreskatearen hurrengo zatia jaso ahal izateko.
Erredakzioa
Troikak errefusatu egin ditu Greziako Gobernuak aurkeztutako aurrezte neurriak, eta, ondorioz, zatiketa izan da Andonis Samaras kontserbadorearen koalizio Exekutiboan.
Herrialde horretako Gobernuak bi urtean 11.600 milioi euro aurrezteko plana egin behar du, eta troikak (Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa) oniritzia eman behar dio, udaberrian onartutako erreskatearen hurrengo zatia (31.500 milioi euro) desblokeatzeko.
Besteak beste, troikak soldata publikoak eta pentsioak murriztea agindu du, baina agintean dagoen koalizioko alderdi batzuk (sozialistak eta zentro-ezkerrekoak) aurka daude, eta neurri alternatiboak proposatu dituzte. Hain zuzen ere, neurri horiek dira troikak errefusatutakoak.
Greziako Estatuak erreskatearen dirua behar du, zorra ordaindu eta bankuak berriz kapitalizatzeko, baina, troikaren erabakiaren ondorioz, baliteke dirua azaroa arte ez jasotzea, Der Spiegel egunkari alemaniarrak jakinarazi duenez.