Ekonomia -

Araba

Akordioa egin dute Aiarako legez kanpoko hiltegiaren epaiketan, eta inor ez dute espetxeratuko

Akusatuetako zazpi akats judizial batengatik absolbitu ostean, zigor eskaeren murrizketak onartu dituzte gainerako zazpi auzipetuentzat, eta ez dute inor espetxeratuko.

Epaiketa, Arabako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EFE
Epaiketa, Arabako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EFE
Epaiketa, Arabako Lurralde Auzitegian. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aiarako (Araba) legez kanpoko hiltegiaren epaiketan akordio batera iritsi dira akusazioa eta defentsa, eta azkenean 13 akusatuetako inor ez da espetxera joan beharko animaliei tratu txarrak emateagatik, gaizkile taldea osatzeagatik eta osasun publikoaren aurkako delituagatik.

Akusatutako 13 lagunetako 7 akats judizial batengatik absolbitu ostean, akordio batera iritsi dira gainerakoen zigorrak murrizteko eta inor espetxeratua ez izateko.

Biri sei hilabeteko espetxe-zigorra jarri dizkie animaliei tratu txarrak emateagatik, eta beste sei hilabeteko zigorra osasun publikoaren aurkako delituagatik. Era berean, 540na euroko isuna eta animaliak edukitzeko edo horiekin lotutako jarduerak izateko gaitasungabetzea ezarri die.

Gainerako lauei hiru hilabeteko kartzela-zigorrak ezarri dizkie osasun publikoaren aurkako delituagatik, eta 360na euroko isunak. Bederatzi hilabetez ezingo dute animaliarik eduki edo horiekin lan egin.

Zigortuetako lauk aurrekariak zituzten zenbait deliturengatik (lesioak, indarkeria matxista eta droga trafikoa), baina ez dute espetxera joan beharko datozen bi urteetan deliturik egiten ez badute.

Absoluzioak

Auzitegiak aitortu du "Legeak ematen duen sei hilabeteko epetik kanpo" hartu zitzaiela deklarazioa auzipetuetako zazpiri, eta ondorioz, gerora hartutako erabakiak "bertan behera" geratzen direla. Hala, arrazoia eman dio defentsari eta akusatuetako zazpi absolbitu egin ditu.

Absolbitutako zazpigarren pertsona ez da auzitegian bertaratu, eta auzi-ihesean zegoen arren, orain absolbituta geratu da.

Epaiketa

2018an itxi zuten Aiarako (Araba) legez kanpoko hiltegiaren epaiketa gaur izan da, hiltegia itxi eta sei urtera.

Arabako Auzitegian izan da epaiketa, eta hiltegiaren bi ustezko arduradun nagusientzat hamaika urtera arteko kartzela-zigorra eskatzen zuen hasieran Fiskaltzak, talde kriminaleko kide izatea, agiri ofizialak faltsutzea, animaliei tratu txarrak ematea eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta, besteak beste.

Fiskalaren arabera, hiltegiaren arduradunek, bi anaiek, ganaduaren legez-kanpoko salerosketak egiten zituzten eta ondoren kontrolik pasatu gabe banatzen zuten haragia gizakien kontsumorako.

Hiltegian 'halal' erritu musulmanaren arabera hiltzen zituzten animaliak, "aurrez zorabiatu gabe lepoa moztuz, odolusten ziren arte".

Gainera, animaliak hiltzeko egokia ez zen leku batean lan egiten zuten, inolako formaziorik gabe eta animaliak tratatzeko gaitasunik gabe. Horrek animaliei "min handia, beldurra eta ezinegona" eragiten ziela azpimarratu du Fiskaltzak.

Astero bi behi eta 25 bat ardi hiltzen zituztela uste dute, eta guztia osasun kontrolik eta baimenik gabe.

Ganadua Bizkaian eta Kantabrian lortzen omen zuten. Legezko merkatuan tokirik ez zuten animaliak ziren eskuratzen zituztenak: "Merkatu beltzean probetxua ateratzen saiatzen ziren", Fiskalaren esanetan.

Gainera, haragia saltzeaz eta banatzeaz arduratzen ziren langileak zituzten, eta gehientsuena Bilboko eta Gasteizeko etxebizitza partikularretara eramaten zuten. Taberna eta elikagai denda batzuk ere jasotzen zuten hiltegi horretako haragia.

Haragia hozkailurik gabeko eta osasun neurrik gabeko ibilgailuetan garraiatzen zuten, eta hondakinak Burgos iparraldeko Peña Angulo inguruan botatzen zituzten.

Ertzaintzak 32 eta 59 urte arteko zazpi pertsona atxilotu zituen: horietako lau hiltegian bertan; banatzaileetako bat, Gasteizen; eta beste bi pertsona, Karrantzan (Bizkaia). Azken horiek ganadua saldu ohi zieten hiltegiaren arduradunei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak