Ekonomia -

Koyo enpresako kaleratzeak

Kaleratze kolektiboaren inguruan eman den lehen epaia irabazi du ELAk

Koyo enpresak arrazoi ekonomiko eta produktiboak argudiatu zituen. Orain, berehala hartu beharko ditu berriz enpresan kaleratutako langileak.

EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza.
EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza.
EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitza.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Auzitegi Nagusiak lan erreformaren ostean eman den kaleratze kolektiboen inguruko lehen epaia eman du, eta eskaera egin zutenen alde azaldu da, hau da, ELA sindikatuaren alde, kaleratzeak baliogabetuz.

Irailaren 4ko epai honek Koyo Bearlings S.A. enpresak agindutako 13 kaleratzeak baliogabetu ditu, askatasun sindikala urratu dela argudiatuz. Era honetan, Koyo enpresak eta Jtekt Corporation multinazionalak kaleratutako lagunak berriz kontratatu beharko dituzte.

Koyo enpresak joan den otsailaren 27an eskatu zuen 16 lagun kaleratzeko kontsultaldia arrazoi ekonomikoak eta produktiboak argudiatuz. Prozesuan, UGT sindikatu nagusi den enpresa batzordearekin akordio batera iritsi ziren, eta 13 langileri kontratua amaitzea eta beste 14 langileri kontratuak bertan behera uztea adostu zuten.

ELA sindikatuak helegitea jarri zuen, "askatasun sindikala urratzen" zela argudiatuta, izan ere, "kaleratutako guztiak ELAkoak ziren, UGT sindikatuko inor, ordea, ez zen kaleratu", azaldu dute.

Iraganean Timken enpresa zenak 2009. urtetik du lan gatazka, enpresak bederatzi langile kaleratu zuelako urtebete eta zortzi hilabeteko greba egin zutenetik. Orduan ere, ELAkoak ziren kaleratutako gehienak, eta berriz kontratatu behar izan zituzten guztiak.

Honengatik guztiagatik, ELAk positibotzat jo du EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia "askatasun sindikala bermatzen duelako, eta enpresek afiliazioen baitan kaleratu ahal ez izateko aurrekari bat ipini duelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea