Ekonomia -
Murrizketak Nafarroan
Medikuarekin duten hitzordura ez joateak zigorra izango du Nafarroan
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak itxaron zerrendak murrizteko plan berezia aurkeztu du gaur goizean.
Erredakzioa
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak itxaron zerrendak murrizteko plan berezia aurkeztu du gaur goizean. Indarrean jarriko dituzten neurrien artean hitzorduari huts eginez gero zerrenda horietatik ateratzeko aukera nabarmendu du Marta Vera Osasun arduradunak.
Agerraldi batean azaldu duenez, itxaron zerrendak gero eta luzeagoak dira Nafarroan, eta “gero eta denbora gehiago itxaron behar da”. 34.000 lagun daude medikuak noiz hartu dituen zai eta bataz beste 27 egunez itxaron behar izaten dute pazienteek. Ebakuntza egiteko zai 10.000 pertsona daude Nafarroan, eta 113 egun itxaron behar izaten dute.
2015. urtean 2010eko datuak berreskuratu nahi du Nafarroako Gobernuak, eta horretarako neurriak hartuko dituela iragarri du. Besteak beste, pazienteei ohartarazi diete hitzorduari huts eginez gero, itxaron zerrendetatik aterako dituztela.
Medikuarekin duen hitzordura ez agertzeko arrazoia justifikatu beharko dute erabiltzaileek. Oraingoz Gobernuak ez du isun ekonomikorik ezarriko, Marta Veraren hitzetan.
Iaz 44.800 lagun ez ziren medikuarekin zuten hitzordura agertu (% 15). Gobernuak itxaron zerrendak % 30 murriztu nahi ditu gaur aurkeztutako neurriekin.
Funtzionarioen lanaldia luzatzea eta itxaron zerrendan daudenen errolda ere egingo du Nafarroak.