Krisi Ekonomikoa -
Polemika EAJrekin
Jaurlaritzak ez du 'euro bat bera ere' galduko Kupoaren negoziaketan
Idoia Mendiak esan du eskatzen duten kopurua 500 milioi eurokoa baino handiagoa dela, eta EAJri kopuru txikiagoa onartzeko prest dagoen galdegin dio akordioa ixteko.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, ez dute "euro bat bera ere" galduko Espainiako Gobernuarekin 2007tik duten polemikan, Kupoaren likidazioaren harira. Mendiak adierazi du eskatzen duten kopurua 500 milioi eurokoa baino handiagoa dela, eta EAJri kopuru txikiagoa onartzeko prest dagoen galdegin dio akordioa ixteko.
Mendiak adierazpenok egin ditu, atzo Iñigo Urkullu EAJko presidente eta lehendakarigaiak Patxi Lopez lehendakariari autogobernua eta Jaurlaritzari dagokion diru-kutxa babestea eskatu ostean. Urkulluk 500 milioi kopuru garrantzitsua dela azaldu zuen.
Bozeramaileak ezbaian jarri du Urkulluk Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziaketen egoeraren berri ez izatea, negoziaketa horietan defendatzen duten jarrera Jaurlaritzaren eta aldundien artean adostutakoa izanik. "Eta aldundi bat EAJk gobernatzen duenez, alderdi horretako presidenteari xehetasun guztien berri ematen diotela pentsatu behar dut, Kontzertu Ekonomikoa autogobernuaren giltzarria baita", nabarmendu du.
"Jaurlaritzara iritsi ginen lehen egunetik mantentzen ari garen negoziaketa da, eta 2007tik bi Gobernuen artean dagoen adostasun faltagatik sortu da. Guk ez dugu jarreraz aldatuko, gure ustez interpretazioa egokia geurea denez, ez baitugu euro bat bera ere galdu nahi negoziaketa horretan", azaldu du.