Ekonomia -

Mahai sektoriala

Osakidetzan hauteskunde sindikalak egingo dituzte azaroan, Sailak eta sindikatuek adostu dutenez

10 urtean ez dute halakorik egin, eta azaroaren 28a aukeratu dute hauteskundeak egiteko. Akordioa gaur erdietsi dute bi aldeek mahai sektorialaren ezohiko bilera batean.

Osakidetzako anbulatorio bat. EITB Media
Osakidetzako anbulatorio bat.

Osakidetzako anbulatorio bat. EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta euskal osasun zerbitzu publikoan ordezkaritza duten sindikatuek mahai sektorialaren ezohiko bilera egin dute ostiral honetan, eta hauteskunde sindikalak azaroaren 28an egitea adostu dute.

Bilera Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan egin da, Gasteizen, hurrengo hauteskunde sindikalak zein baldintzatan egingo diren adosteko, euskal osasun zerbitzu publikoko iturriek prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez.

Bada, lortutako akordioen artean egutegiarena dago, eta bozkatzeko eguna azaroaren 28an izatea. Hauteskunde-kanpaina urriaren 19tik azaroaren 25era arte egingo da, eta posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna azaroaren 22a izango da.

Hauteskundeen inguruko beste alderdi batzuk ere adostu dituzte bileran, hala nola hauteskunde-eremuak lurraldez lurralde, hauteskundeen ordutegiak, boto-txartelen ezaugarriak eta parte-hartzaileen eskubideak eta baimenak. 

Osakidetzaren arabera, akordioak "garrantzi berezia" du, hamarkada oso batez ez baita hauteskunde sindikalik egin bertan; 2013tik Euskal Autonomia Erkidegoan eta 2014tik Gipuzkoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Sindikatuen azken ordukoa