Ekonomia -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: LUR-1 euskal satelitea, Mpox eta Ekialde Hurbila
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko abuztuaren 12an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- LUR-1 euskal satelitea: Arabako AVS (Added Value Solutions) konpainiak orbitan jarriko du gaur LUR-1, Euskal Herrian diseinatu eta garatu den lehen satelitea. Espaziorako bidaia gauzatzeko, satelitea Elon Musk enpresaburuaren Space X konpainiaren Falcon 9 kohetean ontziratu dute. Jaurtiketa 20:18an izango da (Euskal Herriko ordutegia) Ameriketako Estatu Batuetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornia) duen basetik.
- Mpox edo tximino baztanga: Suediako agintariek mpox edo tximino baztanga gaixotasunaren aldaera larrienaren lehen kasua atzeman dute. Europan baieztatutako aurrenekoa da, Afrikako kontinentetik kanpoko lehena. Hain justu, aldaera horren kutsatze mailarekin arduratuta, nazioarteko osasun larrialdia ezarri du berriki Munduko Osasun Erakundeak (MOE). Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) aurten bost kasu erregistratu ditu, horietako bat ere ez ekainean eta uztailean, Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Guztira, 2022tik 251 kasu izan dira EAEn, horietatik 245 urte horretan, eta bakarra 2023an.
- Egoera Ekialde Hurbilean: Israelek gutxienez 40.000 pertsona hil ditu Gazan, duela 10 hilabete erasoaldia hasi zuenetik, Gazan agintzen duen Hamasek azken orduetan zabaldutako datuen arabera. Bien bitartean, bake akordioa lortzeko negoziazioek jarraipena izango dute Dohan. Qatar, Ameriketako Estatu Batuak, Egipto eta Israelgo ordezkariak elkartu dira. Oraingo negoziazio mahaian, ordea, Hamasek ez du parte hartuko. Testuinguru horretan, manifestazioa antolatu dute Bilbon, "Aste Nagusian ere, Israel Borrokatu!", Moyua plazatik abiatuta 19:00etan.