Ekonomia -
Ogasuna eta Finantzak
Hazkunde ekonomikorako "funts subirano" moduko bat antolatuko du Eusko Jaurlaritzak
Jaurlaritzak finantza-tresna berriak aktibatu nahi ditu, baita industria-proiektu berriak sortzeko eskura dauden baliabideen zati bat bideratu, etorkizuneko enpresa-ekimenen hazkundea babestu eta Euskadin liderrak diren enpresak errotu ere.
AGENTZIAK | eitb media
Eusko Jaurlaritzak finantza-estrategia bat egituratzeko asmoa du, "funts subirano baten tankerakoa", Euskadiren hazkunde ekonomikoa bultzatzeko.
Noel D 'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak agerraldia egin du astearte honetan Legebiltzarrean, bere Sailak legegintzaldian izango dituen jarduera-ildo nagusiak aurkezteko.
Jorratu duen gaietako bat hazkunde ekonomikoari laguntzeko tresnen garapena izan da, batez ere Finantzen Euskal Institutuaren bidez, baina baita gaur egun funtzionatzen ari diren tresnen "potentzialtasun guztiak bateratzeko" erabakiarekin ere, "ikuspegi global batekin".
"Momentuak finantza-tresna berriak aktibatzea, industria-proiektu berriak sortzeko eskura dauden baliabideen zati bat bideratzea, etorkizuneko enpresa-ekimenen hazkundea babestea eta Euskadin liderrak diren enpresak errotzea eskatzen du", azaldu du.
Sailburuak adierazi duenez, hori "baliabide publikoak ekimen pribatuarekin eta gaitasun finantzarioa duten agenteekin" (banku-fundazioak, family offices izenekoak, Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeak edo Euskadiko banku-sektorea) batuta lortzen denaren araberakoa da, "behar adinako muskulua izateko" helburuarekin.
Gainera, Finantzen Euskal Institutuak 'Finkatuz' sustraitze-funtsa indartuko du, eta finantzaketa-tresnak garatuko ditu hainbat arlotan, hala nola etxebizitzan, lehen sektorean, prestakuntzan, kulturan eta ekintzailetzan.