Krisi Ekonomikoa -

U-26ko greba orokorra

Euskadi eta Nafarroa, murrizketen kontrako greba orokorrerako prest

ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek murrizketen kontra mobilizatzeko deia egin diete herritarrei, izan ere, "mobilizaziorik gabe, birrindu egingo gaituzte".

Azkeneko greba orokorra, Nafarroan. Argazkia: Efe
Azkeneko greba orokorra, Nafarroan.
Euskadi eta Nafarroa, greba orokorrerako prest

01:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa prest daude, edo prestaketa lanetan daude, ELA, ELA, LAB, ESK, CGT, CNT, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta elkarte feministek eta ekologistek biharko deitu duten greba orokorrari aurre egiteko.

Sindikatu eta elkarteek Espainiako Gobernuaren murrizketen kontra protesta egiteko eta kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei. Hori horrela, eta euskal gehiengo sindikalak antolatu duela kontuan izanda, grebak babes handia jasoko duela espero da.

Gainera, manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Greba, tresna "erabilgarria"

Atzo, sindikatuek greba orokorra "tresna erabilgarria" dela, eta "zerbaiterako balio" izango duela esan zuten. "Mobilizaziorik egiten ez badugu, birrindu egingo gaituzte", salatu zuten.

Sindikatuen esanetan, "asko dago jokoan" asteazken honetako deialdian, eta "eraso bortitzei aurre egiteko defentsa antolatu behar da". "Inoiz ez bezala, mobilizazioa behar da. Greba orokor batek horretarako balio du".

Hori horrela, greba orokorrean parte hartzeko deia berretsi zuten.

Gutxieneko zerbitzuak EAEn

Ohikoa den legez, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu biharko greba orokorrerako. Garraio publikoan zerbitzuaren % 30 eskainiko dute gutxienez, osasun alorrak jaiegunetako zerbitzua izango du, eta hezkuntzan langile bakarra egongo da zentroa irekita eduki ahal izateko. EITBk ohiko ordutegian eman beharko ditu albistegiak.

Gutxieneko zerbitzuak Nafarroan

Nafarroan, larrialdiak betiko moduan arituko dira. Hala ere, jaiegunen pareko arreta eman beharko dute ospitaleek. Gainera, atzeratu ezin diren dialisi, tratamendu onkologiko eta antzekoak ere bermatu egin beharko dira.

Honetaz gain, larrialdizkoak ez diren kontsulta eta operazioak %60an egitea da agindua.

Bestalde, alor sozialean, geriatriko eta adin txikikoen zentroetan jaiegunetan eman ohi den zerbitzua eman beharko da.

Hezkuntzari dagokionez, eskoletan zuzendariaz eta ikasketa buruaz gain, haur hezkuntzan eta lehen hezkuntzan irakasle batek egon beharko du hiru gelako. Eta irakasle batek lau gelako, derrigorrezko bigarren hezkuntzan.

5.000 ertzain

Bestalde, Herrizaingo Sailak 5.000 ertzain jarriko ditu greba orokorrari begira lanean, gaurko gauerditik aurrera.

Helburua grebarako eta lanerako eskubidea, biak, errespetatzea eta errespetatuaraztea izango dela adierazi du Herrizaingo Sailak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea