Itxi

Krisi Ekonomikoa

2013ko Aurrekontuak

Bekak, pentsioak eta zorraren interesak, handituko diren sail bakarrak

Erredakzioa

Kontuak inoizko zorrotzenak izango dira. Antza, Mariano Rajoyren Exekutiboak 40.000 milioi euroko murrizketak egingo ditu, zorraren interesak ordaintzeko

01:23
Gobernuak 40.000 milioi euroko murrizketak egingo ditu 2013ko Aurrekontuetan

Espainiako Gobernuak 2013ko Aurrekontuen lege-proiektua aurkeztuko du gaur, balizko erreskatearen itzalean. Aurtengo aurrekontuak murrizketek markatuko dituzte, 40.000 milioiko aurrezpena egitea espero baita. Horietako 25.000 murrizketa berrietatik lortu nahi dituzte, eta beste 15.000 milioiak zergen bidetik.

Aurrekontu proiektu horretan % 1 handituko dute pentsioen zenbatekoa, eta Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) konpentsatzen jarraituko dute, Gobernuko iturriek azaldu dutenez.

Kontuak inoizko zorrotzenak izango dira. Antza, Mariano Rajoyren Exekutiboak 40.000 milioi euroko murrizketak egingo ditu, zorraren interesak ordaintzeko (38.000 milioi euro ordaindu behar dituzte).

Gabonetako aparteko soldata

2012ko Aurrekontuetan, Gobernuak 27.300 milioi euro murriztu zituen, 29.246 milioi euroko interesak ordaintzeko.

Hurrengo urtean, funtzionarioen soldatak izoztuko dituzte berriro, hirugarren urtez jarraian. Dena dela, Gabonetako aparteko soldata berreskuratu egingo dute.

Oro har, Ministerioen gastuak % 12,2 murriztuko dituzte, 31.057 milioi euro arte.

Gizarte-Segurantzaren Erreserba Funtsa

Sistemaren diruzaintza arazoak konpontzeko helburuarekin, Gobernuak Gizarte-Segurantzaren Erreserba Funtseko 3.063 milioi erabiltzeko arau bat onartu du.

Iragan den abuztuan, Gobernuak Prebentzio eta Birgaitze Funtsa erabili zuen, 4.400 milioi hartu baitzituen Gizarte-Segurantzak altxortegi arazoak izan zituenean.

Loteria sariak % 20 zergapetuko dira

824 milioi lortzeko asmoz, Estatuko Loteriak emango dituen 2.500 eurotik beherako sariak % 20 zergapetuko dira, Ministro Kontseiluak onartu berri dituen neurri berrien arabera.

% 30 gutxiago kulturarentzat

Kulturaren kasuan, aurrekontua % 30 jaitsiko da iazkoarekin alderatuta. Kopuru hori are lazgarriagoa da orain dela hile batzuk gertatutako BEZaren igoera kontuan hartzen bada.

Murrizketa horiekin guztiekin, BPGaren % 4 eta 600.000 lanpostu sortzen dituen kulturaren munduak bere diru-sarrerak % 70 murriztu direla ikusi du azken lau urteetan.



  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena