Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Mario Fernandez: 'Espainia erreskatatuta dago, berez'
Kutxabankeko presidenteak adierazi duenez, banku sektorearen erreskateari jarritako baldintzen antzekoak izan beharko lirateke herrialdearen erreskatekoak.
M.B.
Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak uste du Espainiak erreskatea eskatu beharko lukeela, banku sistemak izan zuen erreskatearen pareko baldintzak negoziatzen baldin baditu. Izan ere, Espainia ‘de facto’ erreskatatuta dagoela uste du Fernandezek, eta, hain justu, merkatuek herrialde erreskatatu bat bezala jokatzen dutela harekin.
Erreskatearen "kostu politiko osoa onartuta" dagoela eta baldintza berriak onargarriak badira gehiago eskatu ezin daitekeela uste du Fernandezek;" nik ondo pentsatuko nuke", nabarmendu du.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, erreskate oso bateko baldintzak aztertzearen alde egin du: "Apur bat gehiago baldin bada, nik nahiago dut 250.000 milioi euroren truke erreskatatzea, eta ez 53.000 (bankuei eman zaien dirua, hain justu) milioi euroren truke", adierazi du.
Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak Espainiako egoera ekonomikoaz egindako hausnarketa bere egin du Fernandezek. Hain justu, Gonzalezen esanetan, erreskatea ahalik eta azkarren eskatu behar da, arrisku-sariaren gorakada gelditzeko eta Bruselak baldintzak ez gogortzeko.
"Murrizketekin bakarrik ez gara atzeralditik aterako"
Murrizketen bidetik jarraitu beharra dagoela uste du Kutxabankeko presidenteak, orain arte "barra-barra" gastatu dugulako: "Dena oparitu diogu jende guztiari; hegazkinik gabeko aireportuak ditugu, Alemanian baino Abiadura Handiko Tren gehiago ditugu, eta jaioberri txekea jende guztiarentzat. Amancio Ortegaren alabak eskatu izan balu ere, jaso egingo zuen".
Dena dela, atzeralditik irteteko murrizketak baino neurri gehiago hartu behar direla nabarmendu du. Horren harira, "etxebizitzen burbuilan" herrialde askok esku hartu dutela esan du, eta, horregatik, "Alemaniari, Frantziari eta gisa horretako herrialdeei dagokie orain ekonomia suspertzea".
Kutxabankeko kaudimena dela eta, pozik
Finantza erakundeei ezarritako gutxiengo kaudimenera heltzeko Kutxabankek kanpoko finantziaziorik behar ez duela eta, pozik azaldu da erakundeko presidentea: "Albiste ona da, kontuan izanda ezarritako baldintzak oso gogorrak direla", gehitu du.
Informazio osagarria: ---Zer da finantza-erreskatea?