Krisi Ekonomikoa -
Murrizketak
Europak arazoak ditu Erasmus bekak ordaintzeko
Urtarrila eta iraila bitarteko diru-laguntza gehienak ordaindu egin dituzte; baina urtea bukatu aurretik ordaindu beharreko laguntzen % 70 bakarrik dago ziurtatuta.
Erredakzioa
Europar Batasunak arazoak ditu unibertsitateetako ikasle-trukea bultzatzeko helburua duten Erasmus bekak ordaintzeko. Izan ere, diru-laguntza horiek eta Europa mailako hezkuntza arloko beste laguntza batzuk ordaintzeko bideratutako diru kopurua bukatzen ari da dagoeneko. EBko Estatuek eta Euroganberak 2012ko aurrekontuetan ezarritako murrizketek eragin dituzte arazoak.
"Erasmus ez da diru-arazoak dituen programa bakarra. Beste asko daude'', esan du Patrizio Fiorilli Europako Batzordeko Aurrekontu bozeramaileak.
Urtarrila eta iraila bitarteko diru-laguntza gehienak ordaindu egin dituzte; baina urtea bukatu aurretik ordaindu beharreko laguntzen % 70 bakarrik dago ziurtatuta.
Egoerari aurre egiteko, urriaren 23an aurrekontuen ''zuzenketa'' aurkeztuko du Bruselak, eta Estatuei berau betetzeko eskatuko die, hazkundean inbertitzeko.
Bien bitartean, 420 milioi euroko transferentzia egin behar izan du Europako Batzordeak, ordainketei aurre egiteko.