Krisi Ekonomikoa -
Bilbo
ELA: 'Lanpostu galera ikaragarria izango da'
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak 'lan baldintzak inposatzea' egotzi dio patronalari.
Erredakzioa
“Lanpostu galera ikaragarria izango da” Euskadin Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren iritziz, eta “lan baldintzak inposatzea” egotzi dio patronalari.
Bilboko Campos antzokian egin duten ordezkarien bileraren ondoren hitz egin du Adolfo Muñozek: “Bankuek eta enpresa handiek politikan agintzen duten bitartean, egoera ekonomikoa latza izango da”
“Langileak soberan dituzten enpresen zerrenda amaigabea da, eta geroz eta luzeagoa da. Arazo nagusia langabezia da, eta loteria bat da gainera, edonor geratu baitaiteke langabezian”, salatu du ELAko idazkari nagusiak. “Gertatzen ari den guztiari langileen soldaten jaitsiera gehitzen badiogu, lanpostu gehiago galduko dira”, gaineratu du.
Mariano Rajoyk defizitaren gainean proposatutako akordioa onartzea, eta “txuria” izatea egotzi dio Adolfo Muñozek Patxi Lopezi, Rajoyren proposamena erantzukizunagatik onartu zuela esan, eta “Rajoyren murrizketekin ados ez dagoela” esateagatik. “Nork irauliko du egoera? Aldatzen ez bada, Ajuria Enera heltzen den hurrenak ere gauza bera egingo du”, gaineratu du Adolfo Muñozek.
Prentsaurrekoan hitz egin ostean, hitzarmen kolektiboa ez dela betetzen salatzeko Bilboko kaleetan barrena egin den manifestazioan parte hartu du.