Krisi Ekonomikoa -
Manifestazioa
Milaka lagunek murrizketen aurka protesta egin dute EAEn
Datozen asteetan aztertuko dute EAEko hauteskundeen ostean greba orokorra deitu ala ez. Azaroaren 14an izan daiteke deialdia.
Erredakzioa
Milaka lagunek CCOO eta UGT sindikatuek deituriko manifestazioan parte hartu dute, Mariano Rajoyren Gobernuaren murrizketa ekonomiko eta sozialen aurka egiteko.
"Langabezia eta murrizketa gehiago babes sozial gutxiago" lelopean, Bilboko kaleetan zehar protesta egin dute.
Unai Sordo eta Damaso Casado Euskadiko CCOOko eta UGT-Euskadiko idazkari nagusiak manifestazioaren buru izan dira. Protesta hau azaroaren 14rako deitzea aztertzen ari diren greba orokorraren bezpera izan daiteke.
Murrizketen aurkako manifestazioak egin dituzte baita ere Gasteizen eta Donostian.
Deialdiaren bozeramaileek 2013ko aurrekontuak bertan behera uztea eskatu dute, izan ere, langabezia eta atzeraldia ekarriko dutela uste dute. Espainiako bi sindikatu nagusiek datozen bi asteetan aztertuko dute EAEko hauteskundeen ostean greba orokorra deitu ala ez.
Horrela erabakiz gero, EAEn azken hiru urteetako seigarren greba orokorra izango litzateke, irailaren 26an sindikatu abertzaleek deituriko greba orokorraren ostean. CCOOko eta UGTko buruzagiekin batera Mikel Arana Ezker Anitza-IUko lehendakarigaia eta Raquel Modubar Ezker Batua-Berdeak alderdikoa egon dira Bilbon.
Greba orokorrerako deialdia
Batzar Sozialeko parte diren sindikatu eta erakundeek adierazi dutenez, Gobernuak jarrera aldatu eta murrizketen inguruan erreferenduma deitu ezean, greba orokorra deitzea aztertzen ari dira.
Proposamenak Madrileko protestan parte hartu dutenen babesa jaso du, 72.000 lagun antolatzaileen arabera. Datorren azaroaren 14an izan daiteke, Portugalek deiturikoarekin batera.