Krisi Ekonomikoa -

Euskal industria

CCOOk eta UGTk Industriako mahaia sortzea eskatu diote Jaurlaritzari

Sindikatuek elkarrizketa mahaia osatu nahi dute, industria sektorea indartzeko euren proposamenak egiteko.

Bilboko portua. Argazkia: EITB
Bilboko portua.
Bilboko portua. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko CCOO eta UGT sindikatuek Industriako mahai soziala sortzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, industria sektorea ikertzeko eta “egoera kritiko” honetatik ateratzeko neurriak hartzeko.

Bi sindikatuetako ordezkariek eskaera hori egin diote egungo Eusko Jaurlaritzari, eta baita urriaren 21eko hauteskundeen ostean eratuko denari ere, Industria Sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean egin duten kontzentrazioan.

“Industriaren eta kalitatezko enpleguaren alde” lelopean egin dute agerraldia CCOOk eta UGTk IndutriALL Europa Europako industria sindikatuen federazioak deitutako mobilizazioen harira. Aipaturiko federazioak Europako industria sektoreko 7,1 milioi langile ordezkatzen ditu.

Euskadi CCOO sindikatuko metalurgia sektoreko Pedro Rodriguez arduradunak “Industria mahaia” sortzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari, sindikatuek sektorearen eboluzioaren gaineko ekarpenak egiteko eta sektorea sustatzeko neurriak hartzeko.

Euskadiko UGT sindikatuko metaleko federazioko Antonio Rios idazkari orokorrak industria plana eskatu die erakundeei, industria sektoreko enpresa txiki eta ertainei energia alorrean laguntzeko eta zorra birfinantzatzea errazteko. Aipaturiko plan horretan, sektoreko enpresen tamaina handitzea eta nazioartean zabaltzea erraztuko duten neurriak hartzea eskatu du, izan ere, tamaina handiagoa duten eta nazioartean presentzia duten enpresek hobeto egin die aurre krisi ekonomikoari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea