Krisi Ekonomikoa -
Atenas
Merkel Greziara joango da, tentsio sozial handi baten erdian
Alemaniako kantzilerrak babesa emango die Andonis Samarasen Gobernuari eta protesta oldea eragin duen doikuntza planari.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Atenasera joango da gaur Andonis Samaras kontserbadorearen Gobernuari eta horrek sustatu eta protesta handiak eragin dituen doikuntza planari babesa ematera.
Merkel gaur goizean iritsiko da Greziako hiriburura, lehen ministroarekin bilduko da 12:15ean eta gero prentsaurrekoa emango du.
Bazkalondoan, Karolos Papulias Errepublikako presidenteak hartuko du eta gero Greziako eta Alemaniako enpresarien ordezkariekin elkartuko da.
Hedabide greziarren arabera, Merkelek erreforma programari babesa ematea nahi du Samarasek, baina troikarekin adostutako neurriak arintzeko keinuren bat ere espero omen du.
Izan ere, troikari ez zaio gehiegi gustatu 13.500 milioi euro aurrezteko plana, eta Greziak oraindik negoziatzen jarraitu beharra dauka, udaberrian adostutako laguntzak jasotzen jarraitu ahal izateko.
Protestak
Greziako sindikatu nagusiek hiru orduko lanuztea deitu dute eta manifestazioa egingo dute Parlamentuaren parean.
Istiluak saihesteko, Poliziak debekatu egin du Atenas erdigunean manifestazioak egitea, nahiz eta sindikatuena eta Alderdi Komunistak deitutako beste martxa bat baimendu. Alderdi nazionalista batek Alemaniako enbaxadaren parean egin nahi zuen protestak, ordea, ez du Poliziaren oniritzia jaso.