Krisi Ekonomikoa -
Bilera Tokion
De Guindos: 'Uda aurretik baino giro baikorragoa dago Espainiarekiko'
Espainiako zorrarekin orain 3 hilabete baino giro baikorragoa dagoela esan du Ekonomia ministroak. Bestalde, bankuen zaintza bateratua 2014 urterako aurreikusi du Draghik.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia ministroak Tokion adierazi duenez, "Espainiarekiko uda aurretik baino giro baikorragoa dago", eta une honetan "Espainiako zor publikoarekiko interesa" dagoela gaineratu du.
Egun, Nazioarteko Diru Funtsaren eta analista pribatuen inguruan sumatu duen giroa "uda aurretik baino positiboagoa" dela, eta Espainiako Altxorrak ere erosketa aginduekin alderatu duela azaldu du.
Europako Banku Zentralak kreditu lerro prebentibo bat aktibatzearen inguruan mintzatu da, Espainiako bonuen erosketen osagarri izan dadin. Halaber, laguntza mekanismoaren xehetasun gehiago ezagutzeak Gobernuaren estrategia zuzena izan dela frogatzen duela esan du, hau da, programa horiei balizko atxikimendu bat arinegi ez ematearena.
Bankuen zaintza bateratua 2014 urterako aurreikusi du Draghik
Mario Draghi Europako Banku Zentralaren presidenteak aurreikusi du bankuen zaintza bateratua 2014an jarriko dela martxan. Halaber, eurotaldeko banketxeen birkapitalizioan egindako aurrerapausoak goraipatu ditu.
Urtarrilean bankuen zaintza bateratua erregulatzeko markoa indarrean sartuko dela adierazi du, baina benetan martxan jartzeko "urtebete" beharko dela zehaztu du.
Hala ere, datari garrantzia kendu nahi izan dio Draghik: "Kideen konpromisoa irmoa bada ez du ezberdintasun handirik ekarriko", esan du.
Europako Banku Zentralaren presidentearentzat eurotaldeko ekonomiaren etorkizuna ez da urte hasieran bezain beltza, nahiz eta aste honetan bertan Nazioarteko Diru Funtsak argitaratutako txostenak etorkizun latza iragarri duen.