Krisi Ekonomikoa -
Goi-bilera Europan
'Espainiako bankuen birkapitalizazioak ez du atzeraeraginik izango'
Banku sistemaren batasunaren harian Alemaniako kantzilerrak izandako jarrera "oso konstruktiboa" goratu du Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak.
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak esan du Espainiako bankuentzat "ez dela birkapitalizazio zuzenik egongo", aukera hori etorkizunean bakarrik posible izango delako. Gainera, bankuen ikuskaritza martxan jartzen dutenean, Espainiako bankuek ez dute inolako arazorik izango.
"Ez da birkapitalizazio zuzen eta atzeraeraginezkorik izango, birkapitalizazioa etorkizunean bakarrik posible izango delako", esan du Merkelek Europako goi-bileraren amaieran emandako prentsaurrekoan.
Bestalde, Merkelek ukatu egin du birkapitalizazio zuzen hori baztertzeko erabakia hartzean Alemanian 2013an izango diren hauteskundeetan pentsatu izana. Izan ere, Merkelek arazoak izango lituzke birkapitalizazio zuzena hautesleen eta Bundestagaren aurrean justifikatzeko.
Rajoyk Merkel txalotu du
Mariano Rakoy Espainiako presidenteak, berriz, banku-sistema bateratuaren harian Alemaniako kantzilerrak izandako jarrera "oso konstruktiboa" goratu du, batasun hori Europaren integrazioaren oinarrietako bat baita. Rajoyren iritziz, integrazio prozesu hori eta haren emaitzak ezin dira "zintzoen eta gaiztoen arteko borrokatzat" hartu, ez baitago "irabazlerik ez galtzailerik".
"Akordioak guztien adostaunarekin egin dira", azpimarratu du.
Hollande, Greziari buruz
François Hollande Frantziako presidenteak adierazitakoaren arabera, Euroguneak ez du Greziak euroan jarraitu behar duen ala ez zalantzan jartzen. Hollandek, gainera, Atenasen ahaleginen alde egin du, horiei esker oraindik jasotzeke duten laguntza hartzeko moduan izango baitira.
"Greziak euroan jarraitu behar duen ala ez ez da mahai gainean dagoen eztabaida", esan du Hollandek, goi-bileraren ostean egindako prentsaurrekoan.