Ekonomia -
Estatuko datuak
Zergak ez direla bidezkoak uste dute 10etik 9k
% 66,3k uste du zerga asko ordaintzen dituela eta beste hainbestek dio ordaintzen dituzten zergek ez dietela ia onurarik ekartzen.
Erredakzioa
Espainiako herritarren ia hamarretik bederatzik (% 88) uste dute egun kobratzen diren zergak ez direla bidezkoak eta gehien dutenek ez dutela gehiago ordaintzen. Gainera, % 66,3k dio zerga asko ordaintzen dituela.
Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) iritzi publikoari eta zerga politikari buruz egindako inkestaren arabera, 10etik 6k baino gehiagok uste du ordaintzen dituzten zergek ez dietela ia onurarik ekartzen.
Zerga iruzurra
Gainera, inkesta erantzun dutenen 10etik 9ren (% 92,2) arabera, Espainian iruzur fiskal dezente edo asko dago.
Uztailean egindako inkestan agertzen denez, Espainiako herritarren % 61,2rentzat iruzur fiskal handia dago, eta % 31rentzat, dezente. % 3,6k, aldiz, Ogasunari iruzur gutxi egiten zaiola erantzun du.
Administrazioak iruzurraren kontrako lanik egiten duen galdetuta, % 72k uste du gutxi edo oso gutxi egiten duela iruzurrari aurre egiteko, eta beste hainbestek (% 75) esfortzu handiagoa eskatzen diote.
Autonomoak
Enplegu autonomoaz ere galdetu diete herritarrei, eta herritarren gehiengoak (% 54,8) nahiago du norbaitentzat lan egin autonomo (% 36,9) aritu baino.