Krisi Ekonomikoa -
Opor fiskalak
Mintegi: 'Dirua orain da beharrezkoa, krisiari aurre egiteko'
EH Bilduren lehendakarigaiak "koherente"tzat jo du Gipuzkoako Aldundiak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan agertutako jarrera.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduren lehendakarigaiak "guztiz koherente"tzat jo du Gipuzkoako Aldundiak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan agertutako jarrera, hots, "amnistia fiskalari bide ez ematea".
Atzoko bileran, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak 'opor fiskalen' harira enpresek itzulitako dirua 2012ko ekitaldi ekonomikora gaineratzea adostu zuten. Araba eta Bizkaia, baina, aurka agertu ziren, Europako auzitegiek behin betiko erabakia hartu ez duela argudiatuta. Horren ildotik, Bizkaiko Aldundiak Patxi Lopezen Aurrekontuak "makillatu" izana egotzi die Jaurlaritzari eta Gipuzkoari.
"Egun on Euskadi" ETB-2ko saioan egindako elkarrizketan, 'opor fiskalak' enpresentzat sortutako "amnistia fiskala" izan zirela gogorarazi du Laura Mintegik.
"Diru hori [enpresek jaso eta ondoren itzuli behar izan zutena] orain da beharrezkoa, krisiari aurre egiteko", azaldu du.
Horren haritik, Bizkaiko eta Arabako aldundiek diru hori "gorde" eta ondoren enpresei "berriz itzuli" nahi dietela salatu du.
"Herritarrei ez zaie amnistia fiskalik egin. Horrenbestez, ez dut ulertzen zergatik egin behar zaien enpresei", esan du.