Krisi Ekonomikoa -
2013ko ekainerako
Administrazioaren 'erabateko erreforma' abiatuko du Gobernuak
Berau sinplifikatu eta argaldu nahi dute, bikoiztasunak saihestuz. Zortzi hilabetetan egin nahi dute. Fatima Bañezek, bestalde, datu itxaropentsuak ikusten ditu langabezia zifretan.
Erredakzioa
2013ko ekaina baino lehen administrazio publikoen ''erabateko erreforma'' abiatzeko konpromisoa hartu Mariano Rajoyren Gobernuak. Administrazioa sinplifikatzea eta argaltzea dute helburu, eta, horretarako, ''goitik beherako'' ikuskaritza egingo dute. Alderdi politikoen eta administrazio ezberdinen adostasuna bilatuko dutela iragarri du Soraya Saez de Santamaria Gobernuko bozeramaileak; eta, berau lortzeko, batzorde berezia sortu dute ostiral honetako Ministroen Kontseiluan.
"Egiturak, eskumenak eta jarduteko moduak aztertu eta bertan aldaketak proposatuko ditugu'', azaldu du Gobernu bozeramaileak.
Batzordeak lau esparrutan egingo du lan: Bikoiztasunak ekiditea, administrazioan izapideak erraztea, zerbitzuen kudeaketan hobekuntzak egitea eta administrazioaren egitura osoa zehaztea.
Datu itxaropentsuak langabezi zifretan
Fatima Bañez Enplegu ministroaren hitzetan, langabezia igotzea ez da inoiz berri ona, baina ''datu itxaropentsuak'' daude, tartean autonomoen kopuruaren igoera (65.100 gehiago).
Horrela erantzun du Bañezek gaur bertan jakitera eman diren langabezia datuen inguruan galdetuta. Izan ere, Espainiako langabe kopuruak gora egin zuen 2012ko hirugarren hiruhilekoan, eta 85.000 langabe gehiago daude ekainean baino. Guztira 5.778.100. Hala, langabezia-tasa % 25.02ra iritsi da, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) jakitera eman duenez.
Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordearen ustez, bestalde, datuok erreformekin jarraitzeko ''pizgarri'' izan beharko lirateke. Halaber, enpleguaren doitzea bereziki administrazioan egiten ari dela azaldu du Gobernuko bozeramaileak.
Pentsioa eta enplegua, bateragarri
Denbora tarte jakin batean erretiro-pentsioa eta lanpostu bat bateragarri egitea planteatu du ostiral honetan Fatima Bañezek. Zehazki, pentsioaren % 40tik % 60ra bitartekoa jaso eta aldi berean lanpostu batean aritzeko aukera aztertzen duen txostena jarri du mahai gainean, Ministroen Kontseiluan.
Formula horri esker, langileen lan-bizitza ahalik eta gehien luzatzeko Europar Batasunak egindako gomedioekin bat egingo litzatekeela uste du ministroak.