Ekonomia -
Hauteskundeak Kutxabanken
Kutxabanken 'pribatizazio prozesua' gelditzeko eskatu du EH Bilduk
Koalizioaren arabera, entitateak "herri honen alde egin behar du, kutxek zuten izaera publiko eta soziala mantenduz".
Erredakzioa
Kutxabanken egiten ari diren "pribatizazio prozesua" gelditzeko eskatu du EH Bilduk eta "Biltzen" plataformaren alde egin du EAEko hiru kutxen hauteskunde prozesuaren baitan.
Asteartean aukeratuko dituzte Kutxa, Vital Kutxa eta BBK kutxetako batzarretan parte hartuko duten bezeroen ordezkariak. Ildo honetan, Unai Ziarretak (EA), Marije Fullaondokk (ezker abertzalea) eta Ainhoa Beola (Aralar) prentsaurreko bat eman dute eta "Bildu kanpo uzteko EAJren eta PPren azpijokoa" salatu dute. Euren iritziz, "argi gelditu zen EAJk funtzio soziala eta gardentasuna bermatzeko asmorik ez zuela".
Koalizioaren arabera, entitateak "herri honen alde" egin behar du eta "kutxek zuten izaera publiko eta soziala mantendu eta sustatu" behar du, izan ere, "egun arriskuan" daudela uste dute.
EH Bilduren arabera, "egungo eredua aldatzeko tresna" izan behar du, "politika sozialak suspertuz eta erakundeentzat beharrezkoak diren kredituak erraztuz".
"Euskal Herrian eratutako aurrezkiak hemen gelditu eta kudeatu behar dira, are gehiago egungo egoeran, krisiari aurre egiteko estrategiak beharrezkoak direnean. Dirua herritarrena da eta herritarrei itzuli behar zaie", defendatu dute.
EH Bilduk salatu duenez, "EAJren ereduak espekulazioaren eredura bultzatzen du Kutxabank, Estatuaren esparruan banku bat gehiago sortuz", eta horrek erabakien eremua urruntzea dakarrela uste dute, "beste interes politiko eta ekonomiko batzuen esku utziz".