Krisi Ekonomikoa -

A-14

UGT: 'Murrizketa gehiagorekin, Diktaduran baino okerrago egongo gara'

Agintariek krisi ekonomikotik ateratzeko beste neurri politiko batzuk hartzen ez badituzte sindikatuek mobilizazio gogorragoak egingo dituztela ohartarazi du Damaso Casadok.

Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusia. Argazkia: EFE
Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusia.
Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Damaso Casado Euskadiko UGTko idazkari nagusiak azaroaren 14an Europa mailako greba orokorrarekin bat egiteko eskatu die euskal langileei; izan ere, "murrizketa gehiago egiten badituzte, Francoren diktadura garaian baino okerrago egongo gara".

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, urriko langabezia datua izan du hizpide Casadok. "Kapitalismoa eta Gobernua aplikatzen ari diren erreformekin eta murrizketekin, langabezia hazten ari da", eta, aldi berean, "langileei kalte egiten ari dira, euren eskubideak galtzen ari direlako".

"Herritarrek etengabe suminduta egon beharko dute murrizketak eta erreformak onartzen dituzten horiekin", haren iritziz. Azaroaren 14ko greba orokorrarekin bat egin behar dute "Europako Gobernuei euren politika aldatzea eskatzeko", gaineratu du.

Damaso Casadok jakinarazi duenez, sindikatuek mobilizazio gogorragoak egingo dituzte, krisi ekonomikotik irteteko, agintari politikoek "beste neurri batzuk hartzen ez badituzte".

"Mariano Rajoyk eta haren ministroek ez dituzte erabakiak hartzen"; izan ere, Europako beste herrialdeetako buruzagiek "agintzen dietena betetzen dute". Horregatik, "Espainian ez dago demokraziarik, diktadura garai berri batean bizi gara", gaineratu du.

ELA eta LABsindikatuek grebarekin bat egin ez dutelako, atsekabea adierazi du Damaso Casadok, eta ohartarazi die "Euskadin batasun sindikalik ez egotea, enpresarientzat eta Gobernuentzat izango da onuragarria".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea