Krisi Ekonomikoa -
Txostena
BPGa % 1,4 jaitsi eta langabezia % 26ra igoko da 2013an, BBVAren ustez
BBVAren aurreikuspena Gobernuarena baino ezkorragoa da BPGaren jaitsierari dagokionez, Gobernuak barne produktu gordina % 0,5 jaistea aurreikusi baitu.
Erredakzioa
BBVAko Ikerketa Zerbitzuak ekonomiari buruzko txostena kaleratu du astearte honetan. Horren arabera, Espainiako barne produktu gordina (BPG) % 1,4 jaitsiko da 2012an eta 2013an. Gainera, langabezia-tasa % 25ekoa izango da urte amaieran, eta % 26,1ekoa datorren urtean.
BBVAren “Espainiako egoera” txostenean irakur daitekeenez, jarduera ekonomikoko datuak aurreikusitakoak baino “zertxobait hobeak” dira, hornitzaileei ordaintzeko egitasmoa martxan jarri delako eta esportazioek gora egin dutelako.
Espainiako Gobernuaren eta BBVAren aurreikuspenak antzekoak dira 2012ko BPGari dagokionez (Gobernuaren aurreikuspenen arabera BPGa % 1,5 jaitsiko da), baina 2013ari begira egindakoak ezberdinak dira: Gobernuaren arabera, barne produktu gordina % 0,5 jaitsiko da, eta BBVaren txostenaren arabera, % 1,4.
Defizit publikoa % 7,2ko mailan kokatuko da urte amaieran, (Gobernuak % 6,3koa izango dela aurreikusi du), baina administrazio publikoen doikuntzarik gabe, % 11,5ekoa izango litzateke, BBVAren txostenaren arabera.
Arrisku-sariaren eboluzioa ere aipatzen du txosten horrek. BBVAko Ikerketa Zerbitzuaren arabera, oraindik “goizegi” da joera aldaketa gertatu dela esateko, baina “pozgarria da” azken asteetako jaitsiera ikustea.