Ekonomia -

Izaiteko jardunaldia

Berotegi Efektuko Gasak murrizteko konpromisoa dute euskal enpresek

Azaroaren 7an, Izaitek antolatuta, Euskalduna Jauregian Karbonoaren aztarna eta lehiakortasuna jardunaldian, euskal enpresetako ordezkariek ingurumenari buruz dituzten konpromisoak azalduko dituzte.

A.E.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrola, Gamesa, ITP, Euskaltel eta ArcelorMittal dira, besteak beste, enpresa kudeaketaren barruan Berotegi Efektuko Gasak gutxitzeko konpromisoa duten euskal enpresa nagusietako batzuk. Datorren asteazkenean, azaroaren 7an, Euskalduna Jauregian, Izaitek (Iraunkortasunaren Aldeko Euskal Enpresen Elkarteak) antolatuta izango den Karbonoaren aztarna eta lehiakortasuna jardunaldian, enpresetako ordezkari eta zuzendariek ingurumena zaintzeko egiten dutena azaldu eta eztabaidatuko dute.

Arestian aipatutako euskal enpresek berotegi efektuko gasak gutxitzeko helburu garrantzitsuak ezarri dituzte: Iberdrolak, esate baterako, 14 urtetan (2007-2020) gasak %30 gutxitzeko asmoa du; Gamesak eta ITPk, bestalde, 2015. urterako %30 eta %10 murriztu nahi dute gasen isurketa, hurrenez hurren; Euskaltelek bere konpromisoa %2n ezarri du aurten, eta Sestaoko ArcelorMittal-ek 2020rako %20 jaitsi nahi du.

Baina erakunde horiez gainera, Izaitek bultzatutako txostenaren arabera, euskal enpresa gehienek, industrialak zein zerbitzu enpresak, krisi ekonomiko garaian egonik ere, ingurumen planei tinko eusten diete. Izaite honako hauek osatzen dute: A&B Bioteknologia laborategiak, ArcelorMittal, Caja Laboral, Cegasa, Cespa-Energia Portatil, EITB, Eroski, Euskalit, Euskaltel, Fagor etxetresna elektrikoak , Gamesa Iberdrola, Ihobe, ITP, Kutxabank, Metro Bilbao, Velatia-Grupo Ormazabal eta Vicinay Cadenas. Guztiek dute kezka aldaketa klimatikoaren aurrean, eta, bakoitza, arlo honetan bere asmoak izateaz gainera, informazioa eta esperientziak elkarbanatzeko prest dago.

Izaiteko txostenak hamasei enpresen datuak bildu ditu. Guztira 80.000 langiletik gora ari dira enpresa hauetan.

Stop CO2 Euskadi metodologia aproposa

Datorren asteazkenean Bilboko Euskalduna Jauregian izango den Karbonoaren aztarna eta lehiakortasuna topaketan, enpresa hauetako zuzendariek klima aldaketaren aurrean dituzten jardunak azaldu, eztabaidatu eta partekatuko dituzte.

Izaiteko kide diren enpresa guztiek dituzte konpromisoak ingurumenarekin. Horretarako, barne tresnaz baliatzen dira: barne egitura, baliabide, eta ekintza planak dituzte, energia eraginkorra lortu eta gas kaltegarrien isurketa gutxitzeko. Enpresa hauetan ohikoa da, gizarte enpresa erantzukizuneko arduradunek ingurumen arduradunekin eginbeharrak partekatzea. Halaber, horietako erakunde batzuetan, ingurumenaz jarduten dutenek kalitate, prebentzio eta lan osasun prozesuetan jarduten dutenekin harremana dute.

Azken bost urteetan euskal enpresek metodo zorrotz eta eskarmentuzkoak erabiltzen dituzte berotegi efektuko gasen isurketa neurtzeko. Stop CO2 Euskadi Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eredua da erabiliena, enpresen %40ak darabil. Eredu honekin eta nazioarteko izaera duten beste eredu batzuekin, enpresaren eraginkortasun energetikoa neurtzen dute, eta baita lanera joateko bidaietan edo lan-bidaietan eragindako isurketa ere.

Enpresa guztiek dituzte isurketak gutxitzeko helburuak eta horietako bi enpresa, Iberdrola eta ArcelorMittal, isurketen komertzioaren kontrol pean daude.

Klima aldaketa eta produkzio eredu berriak

Aldaketa klimatikoaren kontrako borrokara bi arrazoi estrategikok bultzatzen ditu enpresak: enpresaren izen ona eta interes talde ezberdinekin harremana hobetzea. Halaber, industri arloko enpresetan, kostuen murrizketak eta produktu eta prozesuan diseinu ekologikoen aplikazio berriak du eragina. Zerbitzu-enpresetan ez da alderdi hori kontutan hartzen, baina guztiak ere jakitun dira aldaketa klimatikoaren mehatxua hor dagoela eta etorkizunean arrisku fisikoak, lege aldaketak eta irudi eta marka kalte nabarmenak ekarriko dituela.

Izaiteren txostenaren arabera, euskal enpresak egiten ari diren sentsibilizazio ekintzak langileak ohartaraztea dute xede nagusi. Horrez gainera, hornitzaile, bezero eta kontsumitzaileei zuzendutako ekintzak ere badituzte. Forma aldetik, enpresa gehientsuenek urtero Iraunkortasun Memoriak lantzen dituzte, eta energian diharduten enpresek Berotegi Efektuko Gasen inguruko txostenak egiten dituzte. Halaber, ITP, Euskaltel eta Metro Bilbaok Ingurumen Adierazpenak egiten dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea