Krisi Ekonomikoa -

Elkarrizketa ETBn

Etxegabetzeen aurkako tresnak eskatu dizkie Bilboko dekanoak alderdiei

Bilboko epaile dekanoak jakinarazi duenez, politikariei hainbat ideia helarazi dizkiete.

Alfonso Gonzalez Guija. Argazkia: EITB
Alfonso Gonzalez Guija. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Gonzalez Guija Bilboko epaile dekanoak etxegabetzeek gizartean eragiten duten “drama” izan du hizpide gaur goizean, ostiralean Barakaldon gertaturikoa gogora ekarrita.

ETB-2ko ‘Egun on Euskadi’ saioan egindako elkarrizketa batean, tresnak eskatu dizkie politikariei, etxegabetzeek eragindako “drama” soziala txikiagoa izateko: “Eskuak lotuta ditugu ezer egiteko, XX. mende hasierakoa da legea, eta gaur egungo egoera ez da lege hori onartu zen garaiko bera”.

Epaileak jakinarazi duenez, hainbat ideia helarazi dizkiete politikariei, kontuan har ditzaten: “Langabezian daudenei zorra aztertzeko eskatu diegu edota zorra ordaintzeko luzamendu aukera ematea”. Bilboko epaile dekanoak aitortu du egoera zaila dela, eta zorrak ordaindu egin behar direla, “baina, krisi ekonomikoak eragindako zorpetzea dela kontuan izan behar da”.

Kutxabank eta Banco Popular finantza erakundeek etxegabetzeak bertan behera utzi dituztela jakinarazi dute asteburuan. Poztasunez hartu du finantza erakundeen erabakia: “Arlo horretan finantza erakundeen menpe dago Justizia, etxegabetzea ez gauzatzeko eskatzen ez badute, ez dugu etxegabetzea gauzatzen”.

Gonzalez Guija epaile dekanoak jakinarazi duenez, jurisdikzioko epaileekin elkartuko da, etxegabetzeen arloan zerbait egin dezaketen ala ez erabakitzeko. Zentzu horretan baikorra da epailea: “legea aldatuko dela badakigu, eta onena epe bat ematea litzateke, lege berria onartzen den bitartean”.

Legea obeditu bai, baina burua erabilita

Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak etxegabetzeen gaia izan du hizpide gaur goizean, eta jakinarazi duenez, “epaileak ez dira inoiz konformatu, aurrean zorrez leporaino zegoen eta etxebizitza galtzeko zorian zegoen familia bat izan dutenean”. “Ez gara konformatu, ez lehen eta ezta orain ere. Ez dugu inoiz konformatu behar gainera, eta erantzukizunez jokatu dugu, Legea obedituz, baina burua erabilita”.

Ibarraren iritziz, epaileak ez dute legeak aldatu zain egon behar: “Legea aldatzen denean, gure lana atseginagoa izango da, eta segur aski, baita errazagoa ere”.

Etxegabetze prozesu batean murgilduta dagoen familia bat babes juridikorik gabe gelditzea eragotzi behar dute epaileek, Juan Luis Ibarraren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea