Krisi Ekonomikoa -

Etxegabetzeak

Bankuek ez dute etxegabetzerik egingo 'muturreko kasuetan'

Espainiako Banketxeen Elkarteak iragarri duenez, bi urterako hartu dute neurria, eta "muturreko kasuetara" mugatuko dute. Kutxen kasuan, legea erreformatu arte eutsiko diote neurriari.

Espainiako bankuek ez dute etxegabetzerik egingo muturreko kasuetan. Argazkia: Efe
Espainiako bankuek ez dute etxegabetzerik egingo muturreko kasuetan.
Espainiako bankuek ez dute etxegabetzerik egingo muturreko kasuetan. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Banketxeen Elkarteak (AEB) iragarri du bankuek ez dutela etxegabetzerik egingo datozen bi urteetan, "muturreko kasuak" direnean, eta ordu batzuk geroago Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak (CECA) iragarri du neurri berbera, legea erreformatu arte indarrean mantenduko dutena.

Bakuen elkarteak agiri batean azaldu duenez, "arrazoi humanitarioengatik" hartu dute erabakia, eta dagoeneko jakinarazi diete Ekonomia Ministerioari eta Espainiako Bankuari.

"Konpromiso honetara iristeko eztabaida bizia eta sakona egin dute elkarteko bankuek, krisi ekonomikoaren ondorioz babesik gabe geratzen direnen egoera arintzen laguntzeko", gaineratu du Espainiako bankuen patronalak.

Azken orduotan, Kutxabankek eta Euskadiko Kutxak iragarri dute hipoteka-betearazpenak gelditzea erabaki dutela, Barakaldon aurreko astean etxegabetu behar zuten emakume batek bere buruaz beste egin ostean sortutako alarma soziala dela eta.

AEB patronalak azaldu duenez, ostegunean jakinarazi zioten Fernando Jimenez Latorre Ekonomia Estatu idazkariari "datozen bi urteetarako etxegabetzeak" bertan behera uzteko asmoa zutela "muturreko kasuetan".

Horren aurretik, Miguel Martin AEB elkartearen presidentea Soledad Becerril Herriaren Defendatzailearekin bildu zen eta neurria Espainiako Bankuaren gobernadoreari jakinarazi zion.

Elkarteak esan du "Gobernuarekin eta alderdiekin" hitz egiteko prest dagoela negoziatzen ari diren arau berriaren inguruan iritzia emateko.

Hain zuzen ere, gaur arratsaldean bilduko dira Gobernuak aukeratutako adituak eta PSOEko ordezkariak etxegabetzeen arazoari aurre egiteko araudi aldaketa adosteko.

Aurrezki kutxek ere bat egin dute

Aurrezki kutxek ere bat egin dute etxegabetzeak gelditzeko erabakiarekin eta neurri hori ezarriko dute Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioko kideek lehenengo etxebizitzen eta kolektibo ahulenen kasuan.

CECAk agiri batean azaldu duenez, Espainiako Gobernuak eta oposizioak araudi berria adosten duten arte iraungo du neurriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea