Krisi Ekonomikoa -
Neurri ekonomikoak
25 euro autobideengatik Gipuzkoan, abenduaren 1etik aurrera
Neurriaren onura 15.000 gidarik nabarituko dute hilabete guztietan, baina 28.000 izango dira urtean zehar hilabeteren batean etekina aterako dietenak.
Erredakzioa
Gipuzkoarrek 25 euro ordainduko dituzte gehienez AP-8 eta AP-1 autobideak erabiltzeagatik, Batzar Nagusiek astearte honetan aho batez proposamena onartu ostean. Neurria abenduaren 1ean sartuko da indarrean.
Bilduko Aldundiak bultzatutako neurriaren onura 15.000 gidarik nabarituko dute hilabete guztietan, baina 28.000 izango dira urtean zehar hilabeteren batean etekina aterako dietenak, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegitura diputatuak azaldu duenez.
Ugartek proposamen hori onartu duen batzarrean hartu du parte, eta, kalkuluen arabera, Bidegiri 1,2 eta 1,8 milioi artean kostatuko zaiola adierazi du.
Halere, desoreka ekonomikorik sortuko ez duela nabarmendu du Bidegi erakunde publikoarentzat, kopuru hori errepideak mantentzeko kontratuaren murrizketarekin orekatuko dutelako.
Foru diputatua pozik azaldu da legea onartu egin dutelako, era horretan, gipuzkoarrentzat autobideak ordaintzea “poltsikoentzako lapurreta” izango ez delako.
“Egia da errepideak finantzatzeko irtenbide orokor bat bilatu beharra dugula, baina ez langileen kontura”, azpimarratu du. Halaber, besteak beste, lanpostuetara joateko erabiltzen dituzten errepideetan urtean 300 euro aurreztuko dituztela gaineratu du.
Aintzane Oyarbide EAJko batzarkidearen hitzetan, errepideen finantzaketaren alderik onena EAEko hauteskundeak baino lehen erakutsi dute, eta benetako plana ezkutatu dute: gipuzkoarrentzako zerga berriak.