Krisi Ekonomikoa -
Azaroak 14
Urteko hirugarren greba orokorra bizi dute gaur Euskadik eta Nafarroak
CCOOk eta UGTk deitu dute, eta deialdiak ez du ELAren eta LABen babesa jaso. Nafarroako Volkswagen enpresako gaueko lanaldian ''langile ugarik'' egin dute greba.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak aurtengo hirugarren greba orokorra bizi dute gaur. CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute, Europako hainbat herrialdetan greba deitu duten egun berean. ELAk eta LABek ez dute murrizketa ekonomiko eta sozialen aurka protesta egiteko deialdiarekin bat egin.
Euskadin normaltasuna da nagusia jardunaldiaren hasieran, inolako istilurik gabe. Gasteizko Michelin enpresan, adibidez, 06:00etan abiatuko dute greba eguna, eta Mercedes etxean, bestalde, ezin da jarraipenaren balorazio handirik egin, lan-erregulazio espediente batean murgilduta baitaude eta hogei bat langile baino ez baitaude gaueko lanaldian.
Nafarroako Volkswagen enpresako gaueko lanaldian ''langile askok'' egin dute greba. Jose Luis Manias enpresa batzordeko buruak jakitera eman duenez, lantegia ''geldi'' dago, 22:00etako lanaldian ez baita ''ia inor'' lanera sartu, gutxieneko zerbitzuetako kideak salbu. Guztira 4.400 lagunek egiten dute lan bertan.
MobilizazioakCCOO eta UGT sindikatuek bai Nafarroako bai EAEko hiriburuetan goizean eta arratsaldean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Bilbon 12:00etan egingo dute aurreneko manifestazioa, Plaza Biribiletik hasita. Donostian ordu berean deitu dute, Alderdi Ederretik abiatzeko, eta Gasteizen, Europa Jauregitik irtengo da. Iruñean, Nafarroako Enpresarien egoitzan hasiko da, 11:45ean.
Arratsaldean ere mobilizazioak egingo dituzte lau hiriburuetan: Bilbon 18:30ean hasiko da, Jesusen Bihotza plazatik. Donostian 18:30ean, Alderdi Ederretik, eta Gasteizen 17:30ean, Andre Maria Zuriaren plazatik. Iruñean, 18:00etan abiatuko dute, autobus geltoki zaharretik.
Arabako ESK, CNT eta CGT sindikatuek manifestazio propioa deitu dute, asteazkeneko greba egunerako; horrela, ez dute bat egin nahi izan UGTk eta CCOOk deitutakoarekin, sindikatu horien akzio sindikalekin bat ez datozelako.
Zerbitzu minimoak Euskadin
Eusko Jaurlaritzak asteazkeneko greba orokorrerako zerbitzu minimoak ezarri ditu, eta, horien arabera, garraio publikoetan ohiko zerbitzuaren % 30 eskaini beharko dute gutxienez, eta ospitaleetan, jaiegunetan adinakoa.
Garraio publikoetan (Euskotren, metroa, tranbiak eta autobusak) lanegun normaletan eskaintzen den zerbitzuaren % 30 eman beharko dute gutxienez. Autobideetan, ordainlekuetako langileen % 30ek egin beharko dute lan, trafiko gehien dagoen orduetan, eta gainerakoetan, jaiegunetan bezalaxe.
Gasolindegietan ere, % 30eko zerbitzu minimoak ezarri dituzte.
Osasun zentroetan, gutxienez jaiegunetako langile kopurua egongo da, eta lehen mailako arretako zerbitzuetan, larunbatetakoa. Larrialdi zerbitzuek, berriz, % 100ean jardungo dute.
Hezkuntzari dagokionez, unibertsitatetik kanpoko eskola publiko, pribatu eta kontzertatu guztietan egon beharko da gutxienez zuzendaritzako kide bat, eta ikasleei sarbidea ahalbidetuko diete.
Haur-eskoletan eta unibertsitatean, koordinatzaile edo arduradun batek lan egin beharko du gutxienez, Musikenen eta udal musika-eskoletan bezalaxe.
Larrialdiei aurre egiteko zerbitzuek (SOS Deiak, suhiltzaileak, etab.) jaiegunetako zerbitzua eskainiko dute.
Zahar-etxeetan eta eguneko zentroetan arreta zuzena eskaintzen duten langileen erdiek joan beharko dute lanera gutxienez.
Mehatxupean bizi diren pertsonak babesten dituzten langileen erdiek ere lan egin beharko dute.
Argindar, gas eta ur hornidurari dagokionez, jaiegunetako langile kopurua egongo da gutxienez, eta albistegien emankizuna soilik bermatuko da EITBn.
Nafarroako zerbitzu minimoak
Bestalde, Nafarroako Gobernuak Iruñeko garraioetan % 40ko zerbitzu minimoak ezarri ditu.