Krisi Ekonomikoa -
Greba orokorra
Greba orokorra 'mugarri' izango da Europan, UGTren eta CCOOren arabera
Ignacio Fernandez Toxo CCOOren idazkari nagusiak uste du EBko buruzagiak, atzoko grebaren arrakastaren ostean, "gogoeta egitera behartuta" daudela "irtenbide bakarra ez baita austeritatea".
Erredakzioa
Ignacio Fernandez Toxo CC. OO.ren idazkari nagusiak uste du atzo Europako hainbat estatutan izandako protesten ondoren, Espainiako greba orokorra tarteko, Europar Batasuneko buruzagiak "gogoeta egitera behartuta" daudela, "irtenbide bakarra ez baita austeritatea".
Candido Mendez UGTren buruak, bere aldetik, atzoko greba orokorrak martxoaren 29koak baino jarraipen zabalagoa izan zuela azpimarratu du. Izan ere, kopuruak zenbatzeko, kontuan izan beharra omen dago zerbitzu minimoetan milioi bat langile gehiago zeudela eta 600.000 langile gutxiago dagoela martxoan baino.
Mezua Europara iritsi da
UGTren eledunak goraipatu du greba orokorrak egunean bertan jaso zuela erantzuna: Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteordeak prentsaurrekoa eman zuen Espainiari murrizketa neurri gehiago ez zizkiotela eskatuko jakinarazteko, eta Luis de Guindos Ekonomia ministroak ere agerraldia egin zuen.
"Atzo bertan, Olli Rehnek, Espainiako ekonomia jazartzen duen komisarioak, aurreikusi gabeko agerraldia egin zuen. Gobernuak onartu egingo luke grebaren ondorio dela Rehn jaunak murrizketa gehiago ez dituztela eskatuko esan izana", adierazi du UGTren buruzagiak.
Mendezek berretsi du Espainiako Gobernuak politika ekonomikoen inguruko erreferenduma deitzeko aprobetxatu beharko lukeela momentua, atzoko manifestazioak greba orokorraren baitan kokatu behar direlako, eta manifestazio horietako batzuk demokraziako jendetsuenak izan zirelako.
Gainera, jendeak manifestazioetara joateko aukerarik ere ez zuela izan salatu du Mendezek, trenen kasuan iluntzeko zerbitzu minimoak gutxiegi izan zirelako, eta jendea tren geltokietan harrapatuta geratu zelako, manifestazioaren abiapuntura heldu ezinik.
Amaitu da axolagabekeria
Toxok, bere aldetik, atzo Europan zehar izan ziren mobilizazioak kontuan izateko deia egin dio Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari.
CCOOren buruzagiaren esanetan, jendea "axolagabekeria eta etsipena galtzen hasi da" eta "sumindura" agertzen du.