Krisi Ekonomikoa -
Etxegabetzeak
Dekretu berria 'porrota' da, Demokraziaren aldeko Epaileaken ustez
Elkarteak Gobernuaren neurriak gogor kritikatu ditu, eta, horren ustez, eragin 'oso arina' izango du, familia gehienen kasuan ez baitira aplikagarriak.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak etxegabetzeen arazoa geldiarazteko onartu berri duen dekretua "porrota" dela iritzi dio Demokraziaren aldeko Epaileak elkarteak. Horren ustez, neurriek eragin “oso arina” izango dute, familia gehienen kasuan ez baitira aplikagarriak.
Joaquim Bosch Demokraziaren aldeko Epaileak elkarteko bozeramaileak adierazi duenez, dekretuak ez du hiritarrek etxebizitza izateko duten eskubidea bermatzen.
Ohiko etxebizitza galtzeko arriskua duten eta hipoteka ordaintzeko baliabide ekonomikoak ez dituzten familiei zorra ordaintzeko epea luzatzea eskatu du, Demokraziaren aldeko Epaileak elkarteko bozeramaileak.
Gobernuak azaleko neurriak hartu ditu, Boschen esanetan, egituran aldaketak egin beharrean. Sistema prozesala aldatzeko beharra ere azpimarratu du, Europak adierazi bezala, “pribilegioak eta abantailak” ematen baitizkie bankuei, eta zorra ordaindu ezin dutenek ez baitute defenditzeko aukerarik, kontratuetako klausulak gehiegizkoak direlako.
Elkartearen iritziz, ezinbestekoa da familien gehiegizko zorpetzea arautzea, inguruko beste herrialdeetan egiten duten moduan. Horrela, epaileek pertsonen kaudimen-gabezia baloratu ahal izango dute, eta, horren arabera, zorra luzatzea edo barkatzea erabaki. Halaber, etxea zorraren ordainean ematea eskatu dute, “dena galdu dutenak are gehiago ez zigortzeko”.