Ekonomia -
Iruzurraren aurkako plana
Indarrean sartu da 2.500dik gora euro eskudirutan ordaintzeko debekua
Neurriarekin bat egiten ez dutenek operazioaren kopuruaren % 25eko isuna ordaindu beharko dute.
Erredakzioa
2.500 eurotik gorako operazioak eskudirutan ordaintzea debekatuta egongo dira astelehenetik aurrera, betiere enpresari profesional batek parte hartzen duenean. Era honetan, Espainiako Zerga Agentziak horrelako transakzioetan iruzurra egotea ekidin nahi du.
Iruzurraren aurkako lege ekimena iragarri zenetik indarrean sartuko den arte denbora pasatu da, izan ere, jendeari ohitzeko tartea eman nahi izan zaio Luis Jones Zerga Agentziako Ikuskaritza zuzendariak azaldu duenez.
Neurria indarrean dago jada Frantzian eta Italian, besteak beste, "eskudirutan ordaintzeak askotan iruzurra dakarrelako", Jonesek esan duenez.
Azken bost urteetan 1.600 milioi euro erregularizatu direla adierazi du eskudirutan ordaintzen diren operazioak gainbegiratzeagatik, batik bat "goi-mailakoetan", hau da, 500 euroko billeteak daudenetan.
Hala ere, debekua enpresari profesional batek parte hartzen duen salerosketetan jarri da, ez bi partikularrek parte hartzen dutenean. Neurriarekin bat egin ezean, operazioaren kopuruaren % 25eko isuna jarriko da eta bi aldeak izango dira errudunak. Hala ere, isuna ez da bikoizten, beraz, % 25eko kopuru hori bi aldeetako batek ordaindu beharko du edo erdibana egin beharko dute. Adibidez, eskudirutan 3.000 euroko operazio bat ordaintzerakoan, isuna 750 eurokoa izango da eta batek ordaindu beharko du edo bi aldeen artean banatu beharko dute.
Horietako batek salaketa jarriz gero, ordea, ez du isunik ordainduko. Zerga Agentziaren webgunetik jarri ahal izango da salaketa astelehenetik aurrera.